"Lezoarrok adi entzun, igandean Oiartzun"
Xoxolur Mendi Klubak iganderako antolatu du sasoiko bosgarren irteera: Oiartzungo Elorrietako kaskora joango dira.
Elorrietako kaskoa (Oiartzun). Sasoiko bosgarren irteera ez dute oso urrunera egingo Xoxolur Mendi Klubeko kideek: Oiartzungo Elorrietako kaskora joango dira igandean (hilaren 16an). Doan da irteera, eta Oiartzunera arteko bidea garraio publikoan egingo dutenez, Mugi txartela eramatea eskatu diete parte hartu nahi dutenei. Izena emateko epea ostegunean (hilaren 13an) bukatuko da. Taldekideen posta elektronikoa erabili behar da apuntatzeko.
Igandeko 08:30ean geldituko dira Lezoko mendizaleak, Ijurkon. Beti bezala, bi motxila eraman ditzatela eskatu diete parte hartzaileei: lehena ibilbidean zehar eramateko da, urarekin eta hamaiketakoarekin; bigarrenean (ibilbidean zehar auto batean gordeko da), aldatzeko arropa eta bazkaria eraman behar dira.
Goizeko ibilaldia izango da, haurren erritmora egingo dena. Hala, euskaraz, Oiartzun herrigunetik Elorrietako kaskorako bidean hainbat natur eremu zeharkatuko dituzte, tartean direlarik harrespilak. Bidea egin ondoren, inguruko pilotaleku edo parke batean bazkaldu eta jolasean ariko dira. “Lezoarrak adi entzun, igandean Oiartzun”, egin dute dei Xoxolurrekoek.
