Simulakro batengatik, Donibane kaleko trafikoa itxita
Asteazkenean (hilaren 12an) itxiko dute Donibaneko kale nagusia, 10:00etatik 11:30era. Zenbait unetan oinezkoentzat ere itxiko dute.
Hilaren 12n (asteazkena) Pasaiako Udaltzaingoak eta suhiltzaileek (Irungo estaziokoak) Donibane kalean inguru horretako segurtasun neurriak bermatzeko eta egiaztatzeko simulakroa egingo dute 10:00etatik 11:30ak arte. Horregatik, Donibaneko kale nagusiko trafikoa bitarte horretan etengo dute. Hala jakinarazi du Pasaiako Udalak.
Trafikoan ez ezik, oinezkoen pasaeran ere eragina izango du simulakroak. Izan ere, segurtasun entsegurako ura edota kea erabiliko dituzte bertan izango direnek, eta horren ondorioz hainbat unetan oinezkoek ere ezin izango dute kale horretatik joan-etorririk egin. Udalak adierazi du herritarren segurtasuna uneoro bermatuko dela, eta eragozpenik sortuko balitz, aldez aurretiko barkamena eskatu du.
