Baserritarren azokan jardunaldi berezia egingo dute larunbatean
Azokaren ateak 09:00etan zabalduko dituzte eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Tokiko produktuen salmenta dinamizatzea da helburua.
Udal ordezkariak, Errenkoalde, Errenteriako Merkatua Elkartea, merkatalgunea kudeatzen duen enpresako ordezkari eta baserritar zein ekoizleetako batzuekin espazio berria inauguratzeko unean. Baserritarren azokan jardunaldi berezia egingo dute larunbatean, eta horretarako askotariko egitaraua ondu dute. Jose Erbiti kalean, baserritarren azoka den espazioan izango da jardunaldi berezi hori 09:00etan hasita. Egunero egiten den baserritarren azokan Oarsoaldeko bost ekoizlek saltzen dituzte euren produktuak eta elikagaiak, fruta, barazki eta gaztak, besteak beste.
Azoka hori 2023ko azaroaz geroztik dago kokatuta Jose Erbiti kalean, Niessen merkataritza eremuan. Ordutik barruko merkatu tradizionalarekin lotura estuagoa izateko bideak ireki dituzte, eta bertako produktuen kontsumoa sustatzeko hainbat jarduera antolatu dira.
Aurten udalak eta Behemendi Landa Garapenerako elkarteak nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi horiekin batera ekitaldi osagarri batzuk antolatu dituzte tokiko produktuen salmenta dinamizatzeko eta balioan jartzeko.
Larunbaterako, hilak 15, antolatu dituztenak 08:00etan abiatuko dituzte. Ordu horretan hasiko dira eskualdeko esneko arkumearen haragia erretzen eta dultzaineroen doinuek, talo dastaketa, bertsolariak, arkume eta sagardo ekologiko dastaketa, euskal dantzak, eta mutxikoek ere ez dute hutsik egingo. Programazio hori gainera, gelditzeko etorri da, izan ere, urtaro oro errepikatuko dute jardunaldia. Udalak dei egin die herritarrei jardunaldian parte har dezaten eta bertako nekazaritza eta abeltzaintza produktuak erosteko.
