Mugikortasunean "planifikazio falta" egotzi dio PSE-EEk EH Bilduri
Pasealekuak eta plazak "aparkaleku inprobisatu" bihurtu dituela EH Bilduk salatu du alderdi sozialistak eta "premiazko konponbideak" exijitu ditu.
Ibilgailuak Iztieta pasealekuan aparkatuta. Argazkia: PSE-EE Mugikortasunean planifikaziorik ez izatea egotzi dio alderdi sozialistak EH Bilduri eta “premiazko konponbideak” exijitu ditu “aparkalekuaren kolapsoari” erantzuteko: “EH Bilduk pasealekuak eta plazak aparkaleku inprobisatu bihurtu ditu, bizilagunek aparkalekuaren anabasa pairatzen duten bitartean”. Adierazpenok Ondartxoko pabiloiaren lanen harira egin dituzte sozialistek. Lanak egin ahal izateko eta horiek iraungo duten bost hilabeteen bitartean, 18 aparkaleku ezabatu ditu udalak, eta beste hainbeste sortu behin behinean Iztieta pasealekuan.
Erabaki horrek “anomalia larria” dakarrela salatu du PSE-EEk: “Familiek hainbestetan erabiltzen duten espazio publikoa aparkatzeko erabiltzeak izugarri murriztu du oinezkoentzat erabilgarri dagoen espazioa, eta agerian uzten du herriko aparkalekua gainezka dagoela”.
Egoera horri gaineratu dio Isaac Palencia sozialisten bozeramaileak joan den asteburuan “erabateko deskontrola” izan zela eremu horretan, “18 ibilgailuk ez, dozenaka autok aparkatu dute Iztieta pasealekuan inolako erregulazio eta kontrolik gabe”. Ez dela gertaera isolatua Iztieta-Ondartxokoa gaineratu du Palenciak, “azken urteetan EH Bilduk aparkaleku eta mugikortasunaren arazoari aurreikuspenik eta irtenbiderik eman ez izanak etengabea bihurtu du pasealekuak, kirol kantxak, eta aparkatzeko plazak okupatzea, plangintza egokirik ez dagoelako, auzoetan sozializazio espazioak ezabatuz”.
Aparkalekuaren egoera “jasanezina” eta bizilagunen egunerokoan “larri eragiten” duela erantsi du sozialistak eta egoeraren okertzea Pontikako aparkaleku plazak kentzeagatik eratorri dela adierazi du; gora egin omen du auzoen saturazioak, eta egoiliarren bizi kalitateak okerrera egin dio. Arazo hori nabarmenagoa dela Kaputxinoak, Beraun, Galtzaraborda, Agustinak edo Iztietan erantsi du Palenciak.
