Hasi da Andonaegiko aparkalekua egiteko prozesua
Bost solairukoa izango da parkinga, hango bizilagunentzat. Espazio publikoak ere sortuko dira. Irisgarritasuna errazteko igogailua ere eraikiko dute.
Parkinaren irudi birtuala. Trintxerpeko Andonaegi auzoan eraikitzekoa den aparkaleku publikoa egiteko prozedura administratiboa martxan da. Pasaiako Udalak jakinarazi du proiektua idazteko lizitazio prozesua abiatu duela, 140.000 euroko kostuarekin. Orain, lanak beregain hartu nahi dituzten enpresek euren proposamenak helarazi behar dituzte, eta behin udalak erabakitzen duenean zein enpresari esleitu obrak, lehenik eta behin enpresa horrek hilabeteko epea izango du oinarrizko proiektua garatzeko, eta ondoren beste hiru hilabetekoa exekuzio proiektua eta azterketa teknikoak aurkezteko. Erakina egitearekin bizilagunean aparkaleku arazoak arinduko direla adierazi du Iraitz Pazos Lapido Trintxerpeko alkateorde eta Hirigintza eta Ingurumen zinegotziak, “sekula baino gertuago egongo gara herri irisgarriago bat izatetik, eta baita bizilagunen aparkaleku arazoak arindu eta kaleak autoz liberatzetik ere”.
Bost solairu izango ditu Oiartzun eta Bidasoa kaleen (fatxada nagusia hara begirakoa izango da) arteko magalean eraikiko den aparkaleku publikoak, eta denera 2.726 metro koadroko azalera izango du. Hango bizilagunentzako izango dira sortuko diren plazak, eta gainera, udalak adierazi du lokal publikoak edo antzerako espazioak sortzeko aukera ere izanen dela. Gainera, aparkalekuari zerbitzua emateko nahiz inguruko kaleen arteko desnibela leuntzeko (Oiartzun, Bidasoa eta Igeldo kaleak) igogailu publikoa ere eraikiko da: “Horrek nabarmen hobetuko ditu hain aldapatsua den auzo honetako irisgarritasuna eta mugikortasuna”, zehaztu du Pazosek.
Aparkalekuaren goiko aldean espazio publikoa sortuko da, “harremanetarako gune bat” alkateordearen arabera, terraza izaera izango duena. Hala, zabalgune horrek Bidasoa kaletik izango luke sarrera, arrapala eta harmaila sistema baten bidez. “Asmoa da azpiegitura ahalik eta balioanitzena sortzea, eta bertan egonleku edo harremanetarako eremu berri bat sortzea”.
