Igandean Historiaz Jantzi Albaolan izan da
Oarsobidasoko Hitzak kudeatzen duen Igandean Historiaz Jantzi egitasmoa Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian izan zen atzo. Orotara, 20 HITZAkide bildu ziren Albaolako bisitaz gozatzeko.

Oarsobidasoko Hitzak kudeatzen duen Igandean Historiaz Jantzi egitasmoa Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian izan zen atzo. Orotara, 20 HITZAkide bildu ziren Albaolako bisitaz gozatzeko. Bisita hasteko, 1565ean Kanadako Red Bayn hondoratutako San Juan baleontziaren ezaugarriak azaldu zituen gidariak. Ontzi hori 1978an topatu zuten.
Gidariak bale arrantzaren nondik norakoak azaldu zituen, itsasoko bizi baldintzen inguruan mintzatu zen, eta, bukatzeko, 2013tik eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren erreplika ikusteko aukera izan zuten Albaolan izan ziren HITZAkideek. Erreplika hori garaian erabiltzen ziren teknika berberez baliatuta ari dira eraikitzen, eta eraikuntzaren azken fasean dago jada. Laster itsasoratuko dute San Juan, Ternuara berriz ere bidaiatzeko.
Albaolako bisita eginda, Igandean Historiaz Jantzi egitasmoa ez da etengo, Oarsobidasoko Hitzak martxoaren 30erako jarri baitu hurrengo zita. Bisita hori Beloaga gaztelu oiartzuarrera izango da. Parte hartzaileek ibilaldia egingo dute Beloagara, eta Done Eztebe plazatik abiatuko dira, 11:00etan. Arkale mendira igoko dira, eta Beloagaren harresien barruan, gazteluaren historia ezagutu eta bere pasarte esanguratsuenak kontatuko dira.
Hona hemen Albaolako bisitaren hainbat argazki:

























