Ostegunean, Lezo-Jaizkibelerako beroketa ariketa
'212 Monuntains' dokumentala izango da ikusgai Gezalan. Larunbat arratsaldean haurren lasterketak egingo dituzte.
Xabier Zarranz mendiko lasterkaria. Jakina da igandean (hilaren 23an) izango dela Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren hamaikagarren ekitaldia. Ohiko dute antolatzaileek, ordea, herriarentzat urteroko mugarri bihurtu den horri kirol proba soil batetik harago doan izaera ematea. Beraz, aurten ere, ikus-entzunezkoa prestatu dute mendiko lasterketen kulturarekin harremana sendotzeko: ostegunean 212 Mountains dokumentala emango dute Gezala Auditoriumean, 19:30ean. Sarrera doan da, baina aurrez bertan izateko erreserba egin behar dute interesdunek.
Luis Arrieta Etxeberriak zuzendutakoa da 212 Mountains. Mendiko lasterketetan Euskal Herriko erreferente den Xabier Zarranz nafarraren ibilbidearen berri ematen da 40 minutuko ikus-entzunezkoan. Honakoa da lanaren sinopsia: “Xabier Zarranzek (Barañain 1981), 20 urtez mendi lasterketetan lehiatu ondoren, Euskal Selekzioko taldea utzi eta eliteko txapelketetatik aldentzea erabaki du. Erabakia hartu duen urte berean, ustekabean, estatuko zirkuituko ultra garrantzitsuenetako bi irabazi ditu: Gran Trail Aneto-Posets (105 km/6.760m+) eta Canfranc-Canfranc (100 km/8.848m+). Horrek bere etorkizunari buruz hausnartzera bultzatuko du berriro, eta bidean, zeharkaldi bat osatuko du Pirinioetan, 3.000 metrotik gorako 212 tontorretako batzuetan barrena, Balaitus (3.144 m) eta Pica d’Estats (3.143 m) lotuz”.
Larunbatean, haurrena
Igandean helduen lasterketa bada, larunbatean haurren txanda izanen da, 0-12 adin tartekoena zehazki. Izan ere, 17:00etan eta Koldobike Gezala pilotalekua abiapuntu izanda, haientzako lasterketak prestatu dituzte Lezo-Jaizkibelen arduradunek. Harrobiko lana ere garrantzitsua baita. Horietan izena emateko epea larunbateko 16:30ean zabalduko dute, eta hiru euroko ekarpena egin beharko da dortsala erosteko: bi euro elkartasunezkoak izango dira, Aita Mari-Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundearentzat izango direnak (haientzat izango da aurtengo elkartasun laguntza), eta bestea lasterketaren antolaketa gastuentzat.
