'Egin nirekin euskaraz', aurreiritziei euskaraz aurre egiteko
Beste herrialdeetatik etorri, euskara ikasi, eta herrietako establezimenduetan lanean ari direnekin euskaraz aritzeko kanpaina abian da, UEMAren ekimenez.
Irudian, ezker-eskuin: Irati Odriozola (UEMAko teknikaria), Jennifer Cardenas (Tiñeluko langilea), Joxe Mari Iraola (Lezoko Udaleko Euskara teknikaria) eta Iker Salaberria (Lezoko Udaleko Euskara zinegotzia). Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) kanpaina berri bati ekin dio. Lezo UEMAko kide den heinean, herrira ere zabaldu dute egitasmo hori: Egin nirekin euskaraz! izenburupean, beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean lanean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren oinarria, «horiekin gaztelaniaz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea da kanpainaren helburua», esan dute UEMAtik.
Lezon egingo den lanketaren berri atzo (asteartea) eman zuten. Agerraldian izan ziren Jennifer Cardenas Tiñeluko tabernako langilea, UEMAko teknikari Irati Odriozola, Lezoko Udaleko Euskara zinegotzi Iker Salaberria eta Joxe Mari Iraola Euskara teknikaria. Lezon bezala, UEMAren barruko beste hainbat udalerritan ere ari dira kanpainarekin. «Euskarak kolore asko dituela, eta herritar horiek guztiak euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak, azalaren kolorea edota bizilagunen jatorria askotarikoa izan arren», zehaztu du udalerri euskaldunen elkargoak.
Tiñeluko tabernako langilea da Jennifer Cardenas, nikaraguarra jatorriz. Euskal Herrian hamabi urte daramatza bizitzen, azken seiak Lezon. Gogoz egin du bat kanpainarekin. «Euskaraz hitz egiten didazunean bertakoa izatea eta sentitzea ukatzen didazu, nahi gabe izan arren. Euskaraz hitz egiten didazunean, herrien eta kulturen arteko zubia sendotzen ari zara, euskaratik», adierazi du kanpainaren zati aktibo diren bestelako euskal herritarrekin batera. Euskaraz aritzeko desioa du: «Nire azalaren kolorea azalekoa besterik ez da. Euskarari esker, zu bezain euskalduna naiz. Beraz, egin nirekin ere euskaraz».
Kanpainaren barruko hainbat euskarri fisiko jarriko dituzte Lezon, tartean kartelak eta diptikoak. Gainera, UEMAk bestelako euskarriak ere prest ditu, horien artean bideoak. Jarraian, egitasmoa aurkezteko ikus-entzunezkoa.
