"Eskubide eta askatasunen aurkako agenda atzerakoiek ez dute lekurik gure herrian"
Agenda atzerakoia ezarri nahi dutenei "hutsunearen bidez" erantzutera deitu ditu udalak herritarrak, eta orain arteko bideari eutsita "komunitatea kohesionatzen eta balio demokratikoetan sakontzen" jarraitzera.
Orain arteko sarrera itxiko dute lanak bukatu bitartean. Errenteriako Udala osatzen duten alderdi politikoek adierazpen instituzionala plazaratu dute. Lau puntura eraman dute adierazpen hori EH Bildu, Elkarrekin Errenteria, PSE-EE, EAJ eta PP-k. Demokraziaren defentsa jarri dute erdi-erdian adierazpen instituzionalean, lehentasunezko egin beharra dela esan dute, eta hori horrela, “herritar ororen zein herrien eskubide eta askatasunen aurkako agenda atzerakoiek” ez dutela lekurik udalerrian adierazi dute.
Tokitik mundura zabaldu dute begirada, ondoren. Nazioartean “izaera atzerakoia” duten hainbat talde politiko indarra hartzen ari direla sinistuta daude, “eta horiek, iraganera itzularazi nahi gaituzte”. Horren aurrean, Errenteriako Udalak etorkizunari begiratzen diola jarri dute nabarmen, eta komunitatearen kohesioan eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna dutela helburu baieztatu.
Herritarrei mezua helarazi diete zuzen-zuzenean “agenda atzerakoia” ezarri nahi duten horiei “hutsunearen bidez” agerian uztera udalerrian duten babes falta: “Bide luzea egin dugu eskubide eta askatasunen defentsan eta aurrerantzean ere, bakoitzak bere eremutik, komunitatea kohesionatzen eta balio demokratikoetan sakontzen jarraitzeko deia egiten dugu”.
