Lezoko inauteriak, piztear
Ostegunean hasiko da Trapujaleren aurtengo aroa herrian. Piztu Lezori aitortza egingo diote. Larunbatgorrirako gaia, 'Zirkua'.
Udaleko eta Piztu Lezoko kideak, gaurko aurkezpenean. Piztear dira Lezoko inauteriak. Piztu hitzaren zentzurik osoenean gainera. Izan ere, ohikoa den bezala Ostegunzuriarekin (hilaren 27an) jaitsiko da Trapujale herrira, eta orduan piztuko da festa aroa, martxoaren 4ko Asteartebeltzera arte; Piztu Lezo omenduko du aurten inauterien hasieran Trapujale Taldeak, iaz hamar urte bete zituztelako. Zirkuak toki berezia izango du inauterietan: Larunbatgorriko gaia hura izanen da.
Esan bezala, ostegunean (hilak 27) hasiko da Trapujaleren aroa herrian, eta martxoaren 4an bukatuko da. Gaur eman dituzte gauzatuko direnen xehetasunak Jon Legorburu Kultura zinegotziak, Xanti Val Kultura teknikariak, eta Piztu Lezoko Yuma Biurrarenak nahiz Lide Anuarizek. Legorburuk aipatu du jada 37 urte beteko direla aurten Trapujaleren ingurukoak direla herriko inauteriak, eta aurten osotara 21 ekitaldi jasoko dituztela mozorroen egunek Jai Batzordearen egitekoari esker. “Aurten, lehenengoz, herri mailako gaia aukeratu dute Larunbatgorrin herria girotzeko: Zirkua“, zehaztu du. Herritar oro gonbidatu du Legorburuk kalera atera, eta inauteriekin gozatzera.
Valek berretsi du oso bereziak direla herriko inauteriak “Oso pertsonaia berezia da Trapujale eta berezia da ospatzeko modua; egun bakoitzak duen kolorearekin herriko balkoiak eta kaleak janzten dira, kolore horiekin ere mozorrotzen da udaletxea”, azaldu du. Herriko eragileek Larunbatgorrirako gai komuna aukeratzeari ere balioa eman dio, “Lezon eragin handia duen egunean bat egitea berezia da”. Horren harira, Piztu Lezoko ordezkariek azaldu dute duela urtebete sortu zela gai baten inguruan herria girotzeko ideia, “eta elkarlanean landu dugu” Trapujale Taldeari eskerrak eman dizkiete gazteek aitortza egiteagatik.
Beheko koadroan inauterien egitarau oso osoa ikus daiteke. Esteka hau baliatuta, berriz, egitarau hori PDF formatuan jaisteko aukera.

2025eko Lezoko inauteriak. Egitaraua.
Hilak 27, Ostegunzuri
- 16:00. Trapujale Txikia Lezo Herri Eskolan.
- 19:30. Trapujaleren jaitsiera, Martizkone baserritik jaitsiko da. Tomas Garbizuko ikasleek eta Alde Zaharreko Joaldunek ere parte hartuko dute.
- 20:00. Trapujale Taldeak Piztu Lezo omenduko du.
Hilak 28, Ostiralori
- 09:15. Lezo Herri Eskolako eta Institutuko ikasleen kalejira.
- 10:30. Lezo Herri Eskolako ikasleen ‘Jolasak’ ikuskizuna Bekoerrota kiroldegian.
- 11:15. Pasaia-Lezo Lizeoko ikasleen Trapujale Festa Gurutze Santuaren plazan.
- 17:30. Sorgin dantza eta Zirikuen kalejira Gurutze Santuaren plazatik.
- 18:30. Lezoko Dantzazaleen desfilea herritik zehar.
- 19:30. Lezoko Dantzazaleen eskutik, ‘Sorginen dantzak’ ikuskizuna Gurutze Santuaren plazan.
- 19:30. Gurutze Santuaren plazan, Traputira txapelketa.
- 20:00. Kartelada.
- 21:00. Barrikote autogestionatua Gurutze Santuaren plazan.
Martxoak 1, Larunbatgorri
- 11:30. Murixka Dantza Taldearen kalejira haien lokaletik hasita. Bukaeran, emanaldia Gurutze Santuaren plazan.
- 17:00. Desfile herrikoia San Pedro auzoan hasita. Gaia: ‘Zirkua’.
- 19:00. Karro-poteoa Karlos Saldisen hasita.
- 20:30. Mozorro festaren aurkezpena Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Mozorro afari herrikoia Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 23:30. Elektrokela elektrotxarangaren irteera.
Martxoak 4, Asteartebeltz
- 15:15 Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren epaiketa txikia. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Trapujaleren epaiketa Gurutze Santuaren plazan. Jarraian, Herio Bidaia.
