Pasaiako Udala, euskararen normalizazioan eragiten
Udalbatzak VII. Plangintzaldiari dagozkion Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategiko berria eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko hizkuntza irizpideak onartu zituen irailean. Euskararen normalizazioan eredugarri eta eragile izan nahi du Pasaiak.
Pasaiako udalbatzak, PSE-EEren abstentzioarekin eta gainerako alderdien babesarekin, VII. Plangintzaldiari dagozkion Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategiko berria eta hizkuntza ofizialak erabiltzeko hizkuntza irizpideak onartu zituen iraileko osoko bilkuran. “Horien bitartez, herritarrei kalitatezko zerbitzua eman ez ezik, plana garatu, eta kudeaketan eta lidergoan eredugarritasuna erakutsi nahi ditugu udaletik”, adierazi du Teo Alberro alkateak.
Laura Ré Euskara zinegotziak baietsi du administrazioaren “betebeharra” dela bi hizkuntza ofizialak egokiro kudeatzea, “inor baztertu gabe erabiltzen duen edo erabili nahi duen hizkuntzarengatik”. Egun Pasaiako Udala prest dago zerbitzua euskaraz emateko; hori dela eta, Rék dei egin die herritarrei modu naturalean udalean euskaraz aritzeko: “Euskal hiztunak eta sustatzaileak behar-beharrezkoak dira. Hiztunek bizi indarra eman behar diote hizkuntzari, euskarak arnasguneak behar baititu”.
Gauzak horrela, udalak euskara sustatzeko irizpideak ezarriko ditu kanpo kontratazioa bideratzen duenean, diru laguntzak ematen dituenean, hitzarmenak sinatzen dituenean eta jabari publikoa erabiltzeko aukera ematen duenean. Horrez gain, udalaren helburua da udalerriko elkarte, ikastetxe eta eragileak ahalegin horretara biltzea.
Planaren xedea da jarduketak euskaraz egitea, euskararen sustapenean eragiteko. Haurrei, nerabeei eta gazteei (0-18 urte) zuzendutako jarduerak eta hartzaileen ezaugarriengatik edo gaiengatik euskaraz egin daitezkeenak euskaraz egingo dira, baldin eta hartzaile diren herritarren eskubideak bermatuta badaude. “Zalantzarik ez da lanketa horietan guztietan herritarrekin batera aritzeko asmo osoa agertzen dugula udaletik, elkarrekin aurrera egiteko; euskara eremu guztietara zabal dadin”, zehaztu du alkateak.
