1.299 bisitari jaso ditu Fanderiako Errotak azken urtean
2023ko datuekin alderatuta %19an ugaritu da bisitari kopurua. Balorazio positiboa egin dute Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak eta Eva Aiestaran Fanderiako Errotako dinamizatzaileak.
Aiestaran eta Martin gaurko agerraldian. Fanderiako Errotaren arduradunek, haren gaineko iazko balorazioa egin dute gaur goizean, baita aurten uztailera bitarte antolatu dituzten jardueren berri eman ere. 2024ari egindako errepasoa, positiboa, eta horren erakusle Yolanda Martin Ingurumen zinegotziak eman dituen datuak: 2024an, 1.299 bisitari jaso zituen Fanderiako Errotak, 2023an baino %19 bisitari gehiago. Jardueraren arabera ere sailkatu ditu datu horiek Martinek, eta hala, zehaztu du errota irekita egon zen asteburuetan—hilabeteko bigarren asteburuan— 193 bisitari jaso zituen.
Bisita horien bidez errotaren historia ezagutu, errota martxan ikusi, eta errota mugitzen zuen ibaiari eta udalerriko ingurune naturalari buruzko informazioa jasotzen dutela bisitariek azaldu du Aiestaranek, “ikus entzunezkoak, panel, eta gidaren azalpenekin osatzen da informazio hori”. Bisitarien %36 Errenteria-Oreretakoa izan zen, eta ia %50 Gipuzkoako gainerako herrietakoa. Euskal Herriko beste puntuetatik heldutako bisitariak ere jaso ditu errotak, hala, Bizkai edo Nafarroakoak, besteak beste. Baita Bordele (Okzitania) Valentzia (Herrialde Katalanak), edota Madril (Espainia) heldutako bisitariak ere.
Hilabetean behin antolatutako tailer eta jardueretan 91 pertsonek hartu zuten parte, eta gehientsuenak, Errenteria-Oreretako familiak zian zirela zehaztu dute bi ordezkariek. Ikastetxeen jarduerari dagokionez nabarmen egin duela gora zehaztu du Aiestaranek. Hala, iaz guztira 40 ikastalde bertaratu zirela errotara adierazi du, 810 ikasle. Ikasle horiek, ikasmailari egokitutako jarduerak egin zituzten. “Batez ere udalerritik kanpoko ikastetxeen gorakada nabarmendu zen iaz. Ikasleen %54 Errenteriatik etorri zen, baina %12 Donostiatik, eta %11 Irundik heldu zen”. Gainontzekoak Lezo, Oiartzun, Azpeitia eta Hendaiakoak izan ziren.
Bestalako taldeen bisitak ere hartzen ditu Fanderiako Errotak, eta erretiratu talde, udaleku, euskaltegi eta izaera sozialeko beste elkarte batzuetako 205 bisitari izan ziren errotan, Donostialdetik eta Errenteria-Oreretatik heldutakoak.
Altxor bat bertatik bertara
Fanderiako Errotaren balioari azpimarra egin dio Martinek. Izan ere, herrian bertatik bertara den “altxor” bat dela esan du Ingurumen zinegotziak, “batzuek ezagutu ere ez dute egingo eta horregatik da garrantzitsua ikusaraztea, duen balio historiko, eta naturalarengatik, baina baita ondarea delako”.
aurten ere izango dira jarduerak Fanderiako Errotan, ondarearekin, historiarekin, edota ingurune naturalarekin lotutakoak. Aiestaranek eta Martinek uztailera arte antolatutakoen berri eman dute gaurko agerraldian. Hala, martxoaren 16an Plaiaundira bisita antolatu dute hegaztientzat hain garrantzitsua den Txingudiko Badia ezagutzeko. Apirilaren 19an, berriz, altxorraren bila antolatu dute Arramendi parkean familiei begira. Erroten Egunaren harira, berriz, Fanderiako errotan bertan bisita gidatua egingo dute maiatzaren 18an, eta ekainaren 14an berriz, Oiartzun ibaiaren egoeraren azterketa egingo dute, jarduera praktiko baten bidez. Uztaileko jarduera berriz, errotak eraikitzeko tailerra izango da, Fanderiako Errotaren funtzionamendu mekanismoa ezagutu ondotik egingo dute.
