Merkal Calzadoseko langileek greba bukatutzat eman dute, eskaera nagusienak lortuta
Euren lan balditzen aldeko borrokan zazpi hilabete baino gehiago egin dituzte borrokan langileek. Haien jarrera goraipatu du ELAk.

Zazpi hilabete baino gehiagoko greba egin dute Merkal Calzadoseko langileek. Borrokaldiak emaitza baikorra izan du: zuzendaritzak, lan baldintzak hobetzeko langileek egindako eskaera nagusiak onartu egin ditu. Irunen eta Oiartzunen ditu saltokiak enpresak. ELA sindikatuak zehaztu du Gipuzkoako langileek lortu dutela borrokaldiaren ondoriozko akordioa, eta beharginen jarrera goretsi du: “Langileek era iraunkorrean garatu dute borrokaldia. Zortzi dendatatik, lau itxita mantendu dituzte grebak iraun bitartean, eta beste bitan lanaldi erdiz izan dira. Hori funtsezkoa izan da zuzendaritzak langileen aldarrikapenak negoziatzeko”.
ELArentzat “positiboa” da akordioa. Horren xehetasunak eman ditu. Hala, langileen eskaera nagusiak lan egutegia eta oporraldiak hobetzea zirela adierazi du sindikatuak. Negoziazioen bitartez urteko 16 orduko lanaldi-murrizketa lortu duela nabarmendu du, eta langileek bi astetik behin larunbat arratsaldeetan lanik ez egitea ere adostu dela zehaztu du. Gainera, langile bakoitzak norberaren aukerako egun bat izatea lortu da; eta Aste Santuko larunbatean lan egitea aukerakoa izatea eta, lan egiten duenarentzat, ordu bakoitzeko plus bat jasotzea ere adostu da.
Akordioaren onura gehiago, honakoak: ordaindutako lizentziak eguneratzea, eta dirua erabiltzeagatik kalte-ordainaren plusa aitortzea, eskudiruarekin egindako eragiketetan sortutako ohiko akatsak konpentsatzeko helburuarekin, kalte ekonomikoa eragin baitezakete).