Zirku mundiala Lezon
Herri desfile handia eta kolorez beterikoa egin dute gaur arratsaldean lezoarrek. Zirku bilakatu dute herria.
Lezoko inauterietako ikurretakoa ari da bihurtzen Larunbatgorriko herri desfilea. Aurten lehenengoz, gai zehatza izan du: Zirkua. Bada, mundiala izan da lezoarren antolatu duten zirkua. Koloretsua, umorez betea, jendetsua eta handia. Zirkuaren ia espezialitate guztien pasarela izan dira herriko karrikak, San Pedro auzoan hasi eta Gurutze Santuaren plazaraino. Baina segizio guztiaren aurrean, DJa zeraman furgonetan, Trapujale. Pozik, gustura. Inauteri ezin hobeak ari da igarotzen Martizkone baserriko biztanle efimeroa. Harro izan da segizioaren zaindari. Balkoietan jende asko, irribarre zabalarekin. Baita espaloietan ere.
Hitzak baino, hobe irudiak ikustea. Jarraian, desfile handi-handiaren argazki sorta, eta bideoa. Beherago, Lezoko inauteriei geratzen zaien egitaraua.
Lezoko inauteriak 2025. Egitaraua.
Gaur (larunbata), Larunbatgorri
- 20:30. Mozorro festaren aurkezpena Gurutze Santuaren plazan.
- 21:00. Mozorro afari herrikoia Koldobike Gezala pilotalekuan.
- 23:30. Elektrokela elektrotxarangaren irteera.
Martxoak 4, Asteartebeltz
- 15:15 Lezo Herri Eskolan, Trapujaleren epaiketa txikia. Ondoren, txokolatada.
- 19:00. Trapujaleren epaiketa Gurutze Santuaren plazan. Jarraian, Herio Bidaia.
