Udako Oporrak gozatzeko aukera parez pare zabalduko diete haur eta gazteei, berriro
Izena emateko epea zabaldik izango da hilaren 10etik 30era, haur eta gazteei begira udalak antolatzen dituen lau programetan.
Narbarte, Zorzano eta Arozena gaurko agerraldian. Aspertzeko aukerarik ez dute izango aurten ere. izan ere, udalak, beste behin ere Udako Oporrak programa antolatu du herrian erroldatu edota bertako ikastetxeren batean ikasten duten haur eta nerabeei begira. Gaur eman dituzte xehetasun guztiak Aitor Zorzano Gazteria zinegotziak, Ibai Narbarte Udako Oporrak programaren koordinatzaileak, eta Patricia Arozena, Gazteria teknikariak.
Zorzanok azaldu duenez, aurten ere, lau programa izango dira martxan udalerrian, “haur eta nerabeen beharretara egokitzen den eskaintza da, eta horretarako, udan, ikasturtean zehar bezala, aisialdi hezitzailearen aldeko apustua egin du udalak”. Balioak eta eskubideak jarri ditu nabarmen Gazteria zinegotziak, “horiek oinarri hartuta heztea da helburu nagusia. Hala nola, parekidetasunean, parte hartzean, inklusioan edo euskaran”.
Aurten programak, aurreko urtetako berak izango dira: Txikiak (2019-2021), Handiak (2015-2018), Errenteabentura (2012-2014), eta Kanpabentura (2009-2011). Berrikuntzak ere izango dira, hala jakinarazi du Zorzanok: “Ohi moduan bi txanda izango dituzte. lehenengoa ekainaren 23tik uztailaren 4ra, eta bigarrena uztailaren 7tik 18ra. Elkartze guneak Beraun eta Erdigunea izango dira bi programetan, eta ordutegiari dagokionean, Txikiak 10:00etatik 13:00etara izango da, eta Handiak 09:30etik 13:30era”.
Aurten txanda batean edo bi txandatan ahalko da izena eman, eta beti ere, lehentasuna adierazi beharko da izena emateko unean. Hori horrela, eta eskainitako plazen kopurua gainditzen ez bada, bi txandatan parte hartzeko aukera izango da. Izen emateetan plaza kopurua gainditzen bada, berriz, zozketa bidez esleituko dira plazak.
Hori berritasunetako bat.
Ez da bakarra, beste berritasun baten berri ere eman du Zorzanok gaurko agerraldian. “Txikiak programan zaintza zerbitzua eskainiko da 09:30etik 10:00etara eta 13::00etatik 13:30era bi elkartze guneetan. Zerbitzu honen helburua da familiek uda garaian dituzten antolaketa zailtasunei lagundu ahal izatea”, azaldu du zinegotziak.
Errenteabentura uztailaren 7tik 18ra izangod a eta parte hartzaileek goiz eta arratsaldez hainbat jarduera egin ahal izango dituzte, baita egun osoko txangoak ere. Kanpabentura, azkenik, uztailaren 2tik 11ra egingo da Beireko (Nafarroa) aterpetxean.
Gaitasun ekonomikoaren araberako tarifak
Programen prezioaren berri ere eman dute gaurko agerraldian. hala, Txikiak programaren tarifa 44,30 eurokoa izango da, eta zaintza zerbitzuarekin 55,40koa; Handiak programarena 55,40 euro; Errenteabentura 66,30 euro; eta Kanpabentura 221,40 euro. Prezio horietan ere progresioa ezarriko du udalak, hau da, erabiltzailearen gaitasun ekonomikora egokituko ditu. Horretarako, izena emateko garaian bertan prezio publikoa egokitzeko eskaera egin beharko dute. Egokitzapenerako baldintzak eta eskaera hemen klik eginda lortu daitezke.
Izen ematea datorren astelehenean zabalduko du udalak Udako Oporrak programa guztietarako online eta hilaren 30era arte egin ahalko da. Bide hori erabiltzeko gomendioa egin die erabiltzaileei, (Klik hemen). Modu presentzialean egiteko aukera ere izango da Zu! Zerbitzuan udaletxean bertan, zein Aldakoenea eraikinean beharrezko dokumentazio guztia aurkeztuta. Azken hori hilaren 13tik aurrera izango da zabalik, eta aurretik hitzordua hartu beharko da 943 44 96 00 edota 010 telefono zenbakien bidez.
Izen emate epea bukatuta plaza kopurua gainditzen badute zozketa egingo du udalak apirilaren 3an; behin behineko zerrendak apirilaren 4an argitaratuko dira gazteriaren web orrian. Uko egiteko epea apirilaren 7tik 13ra izango da, eta horretarako posta elektronikoz mezua bidali beharko da (klik hemen). Behin betikoz errendak maiatzaren 9an argitaratuko dituzte gazteriako web orrian, bertan kontsultatu ahalko da programen gaineko informazio guztia. Zalantzak argitzeko, posta elektronikoz mezua bidali edo 943 44 96 06 telefono zenbakira deitu dezakete interesdunek.
