Etorkizuna eraikitzeko ariketa kolektiboa martxan da
Gaur abiatu dute Errenteria 2040 prozesua udalak, herriko eragileek eta herritarrek, Lekuona Fabrikan egindako ekitaldi jendetsuan. Datozen hilabeteetan Errenteria-Orereta hemendik hamabost urtera irudikatzeko ariketa kolektiboa egingo dute.
Errenteria 2040 aurkeztu dute Lekuona Fabrikan Errenteria, 2040ra begira jarri da. Gaur abiatu dute Errenteria 2040 prozesua udalak, herriko eragileek eta herritarrek, Lekuona Fabrikan egindako ekitaldi jendetsuan. Gaurkoa abiapuntua izan bada, datozen hilabeteetan egiteko mardula izango dute guztiek elkarlanean, Errenteria-Orereta hemendik hamabost urtera irudikatzeko ariketa kolektiboa egingo baitute. Horretarako, aurrera begirako erronkak zehaztu, eta horiei erantzuteko proiektu eta proposamenak osatuko dituzte.
Gaurkoa lehen urratsa izan da, ariketa kolektiboari hasiera emateko abiapuntua. Dozenaka eta dozenaka herritar eta eragilek egin dute bat Lekuona Fabrikako ekitaldian, eta protagonista ere bihurtu dira etorkizunaren gaineko ikuspegia partekatu baitute zortzi pertsonek. Protagonismo horri aipamena egin dio bereziki Aizpea Otaegi alkateak ekitaldian eragile eta herritarrak prozesura batzeko gonbita egiteko unean: “Prozesu honen arrakasta parte hartzean datza. Ahalik eta eragile zein pertsona gehienen ideia eta ikuspegiak jasotzea funtsezkoa izango da etorkizuneko erronkei indarrez erantzuteko”. Udalak sustatu du prozesua, baina argi du etorkizunera begirako bide orri hori partekatua izan behar duela, “herritar eta eragileekin partekatua, etorkizuna gaurdanik elkarrekin eraikitzeko”.
Udalerriarena errealitate txikia dela oso errealitate konplexuan aitortu du Otaegik, “baina ezinbestekoa da gure erabakiak hartzeko ahalmena baliatzea. Ezjakintasun handiko garaiak dira, eta esango nuke, horietan ere inoiz baino garrantzitsua dela gure etorkizuna nola marraztu nahi dugun erabakitzea”.
Urtebete iraungo duen prozesua lau fasetan banatu dute. Prestaketa lanak egingo dituzte lehen fasean, baita aurreko planaren balantzea osatu ere. Bigarren fasearen helburua, berriz, udalerriaren egungo egoeraren diagnostikoa egitea izango da, eta aurrera begirako erronkak identifikatzea. Zehaztutako erronka horiei erantzuteko proposamenak egiteko tartea zabalduko dute hirugarren fasean, eta azkenik, Errenteria 2040 prozesuaren ebaluazioa eta horren emaitzak neurtzeko adierazleak osatuko dituzte laugarren fasean.
Dimentsioak ere lau izango ditu, eta horien gainean ardaztuko da plana: herritarren ongizatea, komunitate izaera, herriaren antolaketa, eta gobernatzeko modua, “herriaren garapenerako bide orria ikuspegi integralarekin gorpuzteko”.
Diagnostikoa osatzeko zortzi lan saio
Diagnostikoa osatzeko zortzi lan saio ireki egingo dituzte hilabete hau eta apirila artean. Horietatik erdia, eragileei begirakoa izango da, eta beste erdia, herritarrei begirakoa. Parte hartzeko izena eman beharko da, eta horretarako zein prozesuaren inguruko informazioa jasotzeko online espazioa sortu dute (egin klik hemen).
Gaurko ekitaldia etorkizunera begira jartzeko baliatu dute, baina ez horretarako bakarrik, Errenteria 2025 planari itxiera emateko ere balio izan du azaldu duenez. Azken hori positiboki baloratu dute oso, zehaztu dutenez, egindako lehen ebaluazioan planak garapen handia izan duela ondorioztatu baitute. Nabarmen jarri dute halaber, plan hori 2013-2014 urteetan zehar herriko eragile eta pertsona ugariren ekarpenekin osatu zela: “Herriaren eraldaketarako mugarri garrantzitsua izan da”. Horren adibide, errealitate bilakatu dituzten hainbat proiektu nabarmendu dituzte, Lekuona Fabrika, Emakumeen Etxea, Aldakoenea, Herri Arte Eskolaren eraldaketa, Oiartzun Ibaiaren ingurua biziberritzea, Atlantikaldia, edota Bizi Errenteria bonoak, “herrian eragin sakona izan duten proiektu eta egitasmo ugari”.
Gaurtik beraz lanean dira eragileak, herritarrak eta udala, berriro, saretuta; ortzi-mugan, Errenteria 2040 ariketa kolektiboan irudikatzea lehenik, denen artean erabaki eta marrazten duten etorkizuneko udalerria egi bihurtzeko.
Errenteria 2040 prozesuko lehenengo faseko bilerak
Eragileak:
- Herritarren ongizatea: martxoaren 18an, Reina aretoan
- Komunitate izaera: martxoak 26, Reina aretoa
- Hiriaren antolaketa: apirilak 1, Reina aretoan
- Gobernatzeko modua: apirilak 8, Reina aretoan
Herritarrak:
- Herritarren ongizatea: martxoaren 19an, Agustinak zentroan
- Komunitate izaera: martxoak 27, Pontikako auzo elkartean
- Hiriaren antolaketa: apirilak 2, Aldakoenean
- Gobernatzeko modua: apirilak 9, Reina aretoan
