Xoxolur, Eskolartekora
Lezoko mendizaleen taldeko kideek hilaren 16an Errenteria-Oreretako Eskolarteko XXXVII. Ibilaldi Neurtuan izango dira.
Xoxolurrekoak, irailean egin zuten irteeran.Xoxolur Xoxolur Mendi Klubak Eskolarteko XXXVII. Ibilaldi Neurtura desplazamendua egingo du. Hori da haien hurrengo irteera, sasoiko seigarrena. Hilaren 16an egingo dute Errenteria-Oreretan Oarso-Bidasoari dagokion jarduera; Gipuzkoako beste hainbat eskualdetan ere egingo dituzte martxa erregulatu horiek, egun berberean. Gipuzkoako Mendizale Federazioak antolatu ditu topaketa horiek guztiak, eta Errenteria-Oreretako kasuan Urdaburu Mendizale Elkartekoek hartu dute antolaketaren ardura nagusia.
Mugakide den herrian ordezkaritza zabala izan nahi dute Xoxolurrekoek. Horregatik, lezoarrei dei egin diete animatzeko eta izena emateko. Hori egiteko epea hilaren 12ra arte (asteazkena da) dute zabalik lezoarrek. Mendizaleen posta elektronikora bidali behar da parte-hartze eskaera.
Honakoa da hilaren 16rako plana: 09:00etan Ijurkon geldituko dira, eta Errenteria-Oreretarantz oinez abiatuko dira (irteerak 09:30ean izango dira). Goizeko ibilaldia izango da, haur txikienen erritmoa aintzat hartuko delarik. Arropa erosoa nahiz ura eta hamaiketakoa eramatea aholkatu dute.
