Motorak urtebete egin du Mugi sisteman
Iazko martxotik aurtengo urtarrilera bitartean, 388.683 bidaia erregistratu dira. Azahara Dominguez diputatuak adierazi du motora Mugian sartzea "aurrerapen oso garrantzitsua" izan dela erabiltzaileentzat.
Donibane eta San Pedro lotzen dituen motorak urtebete egin du Mugi sistemaren barruan. Iazko martxotik aurtengo urtarrilera bitartean, 388.683 bidaia erregistratu dira motoran. Bidaia horietatik, %56 Mugiarekin ordaindu dira, eta gainerako %44a, eskudiruarekin. Azahara Dominguez Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren presidente eta Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi du motora Mugian sartzea “aurrerapen oso garrantzitsua” izan dela garraiobide hori hartu behar duten erabiltzaileentzat.
Motora Mugiaren barruan dagoenetik, erabiltzaileak sistema horren abantaila eta deskontuez baliatu direla baietsi du Dominguezek, hala nola, erabileragatiko hobariez, kolektibo bereziekiko deskontuez eta aldaketetako doakotasunaz. Horrez gain, diputatuak gogorarazi du bizikletek ez dutela txartela ordaindu behar, eta urtarrilaren 30etik, 12 urtetik beherakoek doan bidaiatzen dutela.
“Lanean jarraituko dugu gero eta operadore gehiagok bat egin dezaten Mugi sistemarekin. Horrela bere eskubide zorroa zabalduko da eta gero eta pertsona gehiagok etekina aterako diote aitzindaria eta erreferentziazkoa den sistemari eta eskaintzen dituen abantaila eta deskontuei”, esan du Dominguezek.
