Aldarrikapena da Martxoaren 8a; baita festa ere
300 emakume bildu dira Merkatuzarren mahaiaren bueltara, auzoetako elkarteetako emakumeen bazkarian, Martxoaren 7aren bezperan.
Merkatuzarren 300 emakume bildu dira mahaiaren bueltara. Konplizitateak josteko eta sareak sortzeko espazioa bilakatu dute Merkatuzar aurten ere. Martxoaren 8aren bezperan auzo elkarteetako emakume taldeen bazkariak 300 lagun elkartu ditu mahaiaren bueltan. Aldarrikapena da Martxoaren 8a, oraindik orain, jendarte parekidea urrutiegi dagoelako; baina pixkanaka ari da gerturatzen mugimendu feministaren eguneroko lan nekaezinari esker. Aldarrikapena da, salaketa, gaitzespena Martxoaren 8an, emakumeak hiltzen jarraitzen duelako indarkeria matxistak, mikromatxismoz josita daudelako egunerokoak, etxerako bidea ausardiaz egin behar dutelako emakumeek oraindik orain eta ez aske, ultreskuinaren mezu ilunei aurre egitea dagokielako borroka bidez irabazitakoak ez galtzeko…
Baina Martxoaren 8a ere bada festa, bada emandako urrats bakoitzarekin loratutako uzta bakoitza ospatzeko eguna, bada sareak irriz josteko unea, bada konplizitateak ereiteko, irrintzi eta dantza egiteko eguna.
Emakumeen Nazioarteko Egunaren hitzordu nagusia bihar arratsaldean izango da; 18:00etan deitu du manifestaziora Oreretako Mugimendu Feministak Herriko Plazan, eta ordu laurden lehenago Zirika Neska Gazte taldeak gazte blokea Zumardian. Bien bitartean konplizitateak josten eta indarrak hartzen ari dira.
