Viteri tabernako atzeko atea
Memoria historikoaren garrantzia eta mantenua pil-pilean dagoen honetan, Errenteria-Oreretan, 1980ko hamarkadan antolatu, eta abortatzeko aukera erraztu zuten zenbait emakumek.

Urriko egun hotz bat da, 17:35ak dira. Urdin-urdin dago zerua, oraindik ordu batzuk falta dira eguzkia sartzeko. Kotxean doaz, baina inork ez du hitz egiten, isiltasuna nagusi da. Irun eta Hendaia batzen dituen zubia gurutzatu behar dute.
– Buenas tardes señoras— agurtu die poliziak.
– Buenas tardes— erantzun diote eurek.
– ¿A dónde se dirigen ustedes?—, galdetu die.
– Vamos a comprar Levi’s—, esan dio gidatzen ari denak.
Ez doaz Levi’sak erostera, abortatzera baizik.
1975. urteak aro bortitz eta ilun bat itxi eta beste bati ateak ireki zizkion, aro eraberritu eta aske bati; edo hala uste zuten askok behintzat. Baina ez zen horrela izan, edo ez gutxienez berehalakoan.
Trantsizioak balizko demokrazia baterako bidea ireki zuela ukaezina da, aldaketa garaiak izan ziren. Baina diktadura bateko 40 urte ezin dira hala nola konpondu. Zenbait borrokak kaleak bereganatzen zituzten bitartean, nazioaren auziak kasu, beste zenbaitek oraindik isilean zirauten. Ertzetan bizirauten zutenak ziren horiek, historiako beste pasarte askotan bezala, etengabe bigarren planoan zirenak; emakumeak, esaterako.
Azken hori alda zedin, emakumea ertzetik erdigunera eramateko, Errenteriako Emakumeen Taldeko kide batzuek egindako borroka eredugarria bezain ikusezina izan zen. Bat gora, bat behera, 100 emakumeri lagundu zieten muga igarotzen Biarritzen aborta zezaten, Hego Euskal Herrian legez kanpokoa baitzen. Nati Rufo (1953), Karmele Santos (1947) eta Pili Urkia (1955) izan ziren sare horretako zati bat.
«Hiltzen ziren»
Askorengandik zen desiratua Trantsizioak ekarriko zuen ustezko askatasun berri hori. Emakumeen eskubideen kasuan, baina, ez zen inondik sumatzen, ezta entzuten ere, libertate haizearen ulua. Legeen zain egon beharrean, ordea, Errenteriako Emakumeen Taldearen barruko zenbait partaide legeen bila hasi ziren.
Dibortzioa, abortua, praktika sexual askeak eta gerora lesbianismoa ere aldarrikatzen zituzten. Iantzi auzoko lokal batean hasi ziren elkartzen, gauetan, behin egunean zehar antolatzen ziren ikastaroak amaitu ondoren. Bertan hasi ziren euren «lehen planning-a» antolatzen. «Ilegalak ziren dibortzioa eta abortua, eta jende asko zegoen arazoekin. Emakume batzuek tratu txarrak sufritzen zituzten, baina ezin ziren banandu. Beste batzuek amatasun ez desiratuak zituzten. Horregatik nahi genuen planning bat, gure amatasun desioak planeatzeko», esan du Rufok. Antisorgailuen erabilera ere aldarrikatzen zutela gehitu du Urkiak.
Legez kanpokoa zen garai hartan, beraz, haurdunaldia etetea, eta, ondorioz, ohikoak bihurtu ziren abortatzen saiatzeagatik hildakoen kasuak. Oso urrutira joan gabe, 1976ean Beasaingo emakume bat hil zen abortatzeko metodo gisa perrexila erabiltzeagatik, geroz eta zabalduagoa zen teknika bat. «Bagenekien zergatik hiltzen ziren eta erantzun bat eman behar genuen», aitortu du Rufok.
Testuinguru horretan sortu zen abortatzen laguntzeko sarea. Klandestinoki egiten zuten, zigorra handia izan zitekeelako. 1979ko urteko Zigor Kodearen arabera, abortatzeagatik sei hilabetetik hiru urterako kartzela zigorra jaso zitekeen, eta horri gizarte bazterketa eta umiliazioa erantsi behar zitzaizkion. Izan ere, ez zen soilik abortatzea. Egindakoaren aurrean ingurukoek izango zuten erreakzioa ere bazen faktore nagusi bat. «Abortatu ondoren etxera itzultzen ziren, eta senarrek ez zekiten abortatu egin zutela. Ez zen soilik abortatzea, etxekoak egindakoaz jabetzearen beldur ziren asko, fedeak oraindik pisu handia zuen», esan du Santosek.
Gauzak aldatzen hasi baziren ere, erlijioak oraindik eragin nabarmena zuen, eta horrekin batera, beste zutabeak: familia. «Elizarengandik genuen eragin krudela itzela zen. Frankismoak markaturiko debekuak ere asko ziren», adierazi du Rufok. «Hiltzaile» deitzen zien Elizak. «Eta jarraitzen digu deitzen», gehitu du Santosek. «Lotsan oinarrituriko kontzientzia bat zegoen eta horrek abortuak baino gehiago markatzen zintuen», jarraitu du Rufok.
Ahoz aho zubia gurutzatu
Dirua zuenak Londresera bidaiatzen zuen abortatzera, baita Herbehereetara ere, baina haiek Biarritzera joaten ziren. Kontaktu fidagarri batek eman zien hango klinikaren berri. «Ez zegoen frantsesik, denak hemengoak ziren», argitu du Santosek. 1980. urtean Egin egunkariak argitaratutako albiste baten arabera, Biarritzen abortatutako emakumeen %70a Espainiar Estatuko jatorrikoak ziren. «Aberastu egin zen ginekologoa, baina segurua zen, ondo egiten zuen lan. Nik ezagutu nituen emakume batzuk abortatzera joan, harategi batekin topatu, eta hantxe egin zieten egin beharrekoa», gehitu du Urkiak.
Ahoz aho pasatzen zuten mezua, eta astero behin edo bitan elkartzen ziren Biarritzera joateko. Viteri tabernan egiten zuten hitzordua, beti ezkutuan, aurretik abisatuta nola joango ziren jantziak. Tabernak ate bat bakarrik du, baina garai hartan bi izatera iritsi zen: batak kalera ematen zuen; besteak, berriz, askatasunera. Txandaka aritzen ziren, ahal zuenak laguntzen zuen.
Kotxez joaten ziren Lapurdiko hirira, baina zenbait kasutan, kotxerik gabe izan eta autobus publikoan joan behar izan zuten. Santosek kontatu du emakume batzuk abortatzeko diru justuarekin etorri, eta beraiek ordaindu behar izan zietela autobusa kasu horietan. Abortatzeak batez beste 22.000 pezetako kostua zuen, egungo 130 bat euro.

Emakumeak, udaletxeko pleno aretoan 1979ko urriaren 26an. Argazkia: Errenteriako Udalaren artxiboa.
Hamaika ekintza
Tentsio unea izaten zen zubia pasatzeko momentua. «Dena zen beldurra beste aldera pasatzean. Miatu egiten zintuzten, eta guk bagenekienez zer egitera gindoazen…», kontatu du Rufok. Dena dela, inoiz ez zen larritasun tarterik izan; alderantziz, ugari dira harrotasunez gogoratzen dituzten uneak.
Rufok eta Santosek, adibidez, gogoratu dute nola behin Donostiako autobus publiko bat konfiskatu eta herrian barrena joan ziren abortuaren aldeko aldarriak eta bandera feministak leihoetatik ateraz. «Badago beste ekintza bat asko markatu ninduena», gehitu du Urkiak. «Behin emakume bat etorri zen taldera esanez gizonak jo egiten zuela. Topora joan ginen senarraren bila, eta iritsi zenean abisatu egin genion bagenekiela zer egiten zuen. Oldarkor jarri zen, «eta bera zer?» oihuka hasi zen. Jo egin nahi gintuen. Hasi ginen bere aurka zabor poltsekin… gogoan dut begiak gorri-gorri itzuli nintzela gutako batzuek zeramaten autodefentsarako espraiarengatik. Gero emakumea etorri zen eskerrak ematera», kontatu du, barre artean.
Oreretan ez ezik, gainerako herrietan jazotakoen aurrean ere erakutsi zuten babesa emakume horiek. Horren adibide da udaletxean giltzapetu zirenekoa. 1979ko urriaren 26a zen, Basauriko hamaika emakumeren aurkako lehen epaiketa eguna. Abortatzeagatik eta abortatzen laguntzeagatik izango ziren epaituak.
Gertakari horren aurrean, emakume horien aldeko mobilizazio olatua erraldoia izan zen Euskal Herri osoan. Manifestazioak, kontzentrazioak, kale propaganda eta beste asko egin zituzten epaiketa geldiarazteko. Udaletxeak hartzera ere iritsi ziren, eta Errenteriakoa izan zen horietako bat. Epaiketaren egunean udaletxean giltzapetu ziren hainbat emakume elkartasuna erakutsiz Basaurikoei, eta gaua igaro zuten han.
Iraultzaile edota arriskutsu bezala defini daiteke sare horrek egindakoa. Baina ez zen zerbait berria. Ertzetan bizitzeak marjinatua eta isildua izateaz gain, elkartasun sare baten parte izatea esan nahi du; baliabideak bilatzea bizirauteko; bidean aurkitutako laguntza baten parte izatea. Oreretan bazen jadanik horrelako sare bat. «Nik gogoan dut bizilagunen artean bazegoela horrelako elkartasun bat. Batak esaten bazuen, ‘aizu, berriro haurdun gelditu naizela’, besteak lagundu ziezaiokeen baten bat ezagutzen bazuen, kontaktua pasatzen zion», azaldu du Urkiak.
Indar parapolizialak
Abortuaren alde egindakoak, baina, ez ziren emakume horien borroka bakarra izan. Garai hartan poliziaren zein indar parapolizialen jazarpena ere etengabea zen. «Hegal oso handiak zituzten», deskribatu du Urkiak. Horren adibide da 1979aren amaieran eta 1980aren hasieran izandako Errenteriako bortxaketen kasua.
Gertatutakoa «sexu bidezko izu kanpaina» bezala definitu zuen 2023an Jonathan Martinez komunikazio ikertzaileak Naiz komunikabidean.
Argitaratu berri da, hain zuzen ere, bortxaketa horien eta beste batzuen inguruko ikerketaren liburua. Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980 du izena eta Argituz elkarteak egin du.
Bost emakume bortxatu zituzten pistolarekin apuntatzen zituzten bitartean, nahiz eta bortxaketa saiakera gehiago egin. Errenterian, Irunen eta Trintxerpen izan ziren. Lehena 1979ko azaroaren 14ean izan zen, eta bigarrena hilabete geroago, abenduaren 15ean. Bigarren bortxaketaren aurrean, bortxatzaileek adierazi zuten «ekintza gehiago» egongo zirela laster. Esan eta egin. 1980ko urtarrilean beste hiru kasu izan ziren: urtarrilaren 4an bat, eta urtarrilaren 13an beste bi. Bostetako inork ez zituen 19 urte baino gehiago.

Ehunka emakume lagundu zituzten oreretarrek abortatzera. Argazkia: Goiatz Iza.
Argituz-ek egindako ikerketari dagokionez, kasu guztiek patroi bera jarraitzen zuten: pare bat gizon armatuk autoz eramaten zuten neska babes gabeko leku batera, ideologia politikoari buruzko galdeketa egin, eta inolako lotsarik gabe eta inpunitate osoz jarduten zuten.
Inork ez zuen salatu, bazterketaren eta lotsaren beldur. «Oso gogorra izan zen. Bortxaketa selektiboak eta pistolaz», azaldu du Rufok. Biktimen familiek mehatxu asko jasan behar izan zituzten gertakarien aurrean egindako manifestazio eta prentsaurrekoengatik.
Salaketa jarri ez bazuten ere, herriak argi zuen indar parapolizialen ekintzak izan zirela. «Biktimetako batek bahituta eraman zuten kotxearen matrikula gogoratzen zuen, eta Guardia Zibilarengana joan zenean jazotakoaren berri ematera, bertan aurkitu zuen kotxea aparkatuta», kontatu du Urkiak. Are gehiago, 1980ko urtarrilaren 16eko La Voz de España egunkariko titularra honakoa zen: «GAEk LA VOZ-era deitu, eta bere gain hartu ditu azken bortxaketa-kasuak». Hurrengo egunean, urtarrilaren 17an, honela ireki zuen Egin-ek egunkaria: «GAE eta BVE taldeek azken asteetako bortxaketak erreibindikatu dituzte». Dena dela, oraindik ez da epaiketarik egin, eta kasuek argitu gabe jarraitzen dute.
Bortxaketen aurrean Errenteriako Emakumeen Taldea Gipuzkoako gobernadore zibilarekin elkartu zen. «Bagenekien polizia zela, eta exijitu genion geldiarazteko, bestela zerbait egingo genuela. Eta greba orokorrerako deia egin genuen», azaldu du Santosek. Are gehiago, gertatutakoak gertatuta, eta auzoek zuten kale argiteria eskasagatik, gaueko komandoak antolatu zituzten herriko mutil eta neskekin. Auzoetan banatzen ziren, patruilatzen ibiltzen ziren, ezbeharren bat balego erantzuteko. Diotenez, inoiz ez zen ezer gertatu.
Herria gelditzea lortu zuten
Greba orokorra 1980ko urtarrilaren 17an egin zuten. El País-ek garai hartan argitaratu zuenaren arabera, Errenteriako Emakumeen Taldeak deitu bazuen ere, alderdi politiko ezkertiarrak, bizilagunen elkarteak, herriko erakundeak, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta udala ere batu ziren grebara. Herritar langileek ere babestu zuten mobilizazio eguna.
Goiz-goizetik batzarrak egin ziren lantegietan, eta hiriguneko taberna eta dendak itxi zituzten. Errepide nagusia ere moztu zuten kamioiak, trailerrak eta autobusak gurutzatuz. Kamioi horietako batzuk bezperatik zeuden bertan; izan ere, aurreko egunean Karlos Saldise lezoar militantearen erailketa salatzeko mobilizazioak egin ziren.
Gauez izan zen manifestazioa, Zumardian kontzentrazioa egin ondoren. «Emakumeez beterik, eta antortxekin. Kaleak gureak ere badira oihukatzen genuen», azaldu du Rufok.
40 urte geroago, oraindik ere lelo bera entzun daiteke Martxoak 8an, azaroaren 25ean edo indarkeria matxistaren erasoei aurre egiteko mobilizazio guztietan.