Martxan dira Lezoko Martxoaren 8ko ekitaldiak
Atzo hasi ziren Lezoko Martxoaren8aren barruko jarduerak. Gaur, bertso afaria Ibai Ondon; bihar, manifestazioa eta Miren Gezalari aitortza.
Atzo hasi ziren Lezoko Martxoaren 8ko ekitaldiak, Koldobide Gezala pilotalekuak jaso zuen emakumeen esku pilota txapelketaren finalerdiekin (bihar, larunbata, izango dira finalak 17:30ean). Gaurko bertso afari feminista dago antolatua Ibai Ondon (21:30, sarrera guztiak agortu egin dira), Aissa Intxausti eta Miren Artetxe bertsolariekin. Bihar da Emakumeen Nazioarteko Eguna: hainbat ekitaldi programatu dituzte Martxoaren 8rako, tartean delarik 12:30ean Gurutze Santuaren plazatik abiatuko den manifestazioa.
Elkarlanean antolatu dituzte datozen egunetarako ekitaldi eta ekintzak herriko eragileek. Iruntzen Lezoko Emakumeen Taldea, Gaxuxa Emakume Elkartea, Arkirun pilota eskola, Faktoria, Txirbilla aisialdi taldea. Emakume Korrikalarien Taldea, Murixka dantza taldea, Tomas Garbizu Musika Eskola, Piztu Lezo eta Lezoko Udala dira ekitaldien zerrenda mamitsu horren erantzule. Jarraian ikus daiteke gaurtik hilaren 28ra arte luzatuko den aro feministaren egitaraua.
Egitarauaren barruan, eta biharko manifestazioaren harira, Miren Gezala Sagarzazuren izena jarriko diote Aralar kaleko etxebizitzen artean dagoen plazari. Gezala nor zen jakiteko, joan behealdean dagoen soslaira.
Gaur, ostirala
- 21:30ean, Ibaiondon, bertso afari feminista Aissa Intxausti eta Miren Artetxe bertsolariekin. Sarrerak agortu egin dira.
Bihar, Martxoak 8.
- 10:00etan, Gurutze Santuaren plazan, emakume korrikalarien topaketa eta nordic walking martxaren hasiera.
- 10:30ean, Gurutze Santuaren plazan, emakume korrikalarien irteera 5 kilometroko ibilbidea egiteko.
- 12:30. Manifestazioa Gurutze Santuaren plazatik abiatuta. Bidean, Miren Gezala plazaren izendapena egiteko ekitaldia egingo da; bukaeran, Sutargi abesbatzaren eta Murixka Dantza Taldearen emanaldia.
- Ondoren. Karlos Saldise plazan, brindisa eta mokadutxoa jateko aukera.
- 17:30ean, Koldobike Gezala pilotalekuan, Emakumeen Esku Pilota Txapelketaren finala.
Hilak 9, igandea
- 19:30ean, Gezala Auditoriumean, De Ste Xeito Galiziako konpainiaren Feminissimas antzezlana.
Hilak 15, larunbata
- 19:00etan, Gezala Auditoriumean, zineforuma.
Hilak 28, ostirala
- 19:00etan, Andreone Udal Liburutegian, Txoko Feministaren aurkezpena. Atal horren aurkezpena egiteko Nere Loiola Pikazak Zebrak eta bideak liburua aurkeztuko du, Irati Zubiaren dinamizazioaren laguntzaz.

Miren Gezala Sagarzazu. Irakaslea eta euskaltzalea.
Miren Gezala Sagarzazu (Lezo, 1912-Oiartzun, 2003) irakasle eta batez ere euskaltzale sutsua izan zen. Bederatzi anai-arrebetatik bosgarrena, 18 urterekin Donostian Irakasletza Ikasketak egin zituen, eta eskolak emateko baimena jasota (21 urte zituela), herriko lehen ikastola sortu zuen 1930ean, plazan. Gauez, herriko helduei euskarazko klaseak ere ematen zizkien. Eskolak ematez gain, Emakume Abertzale Batzako militante izan zen, eta hizlari bezala ere aritzen zen han eta hemen, betiere euskara eta euskaltzaletasuna ardatz. Dantzaria eta antzerkilaria ere izan zen, mendizale izateaz gainera.
1936ko gerragatik Ipar Euskal Herrira erbesteratu zen, familiak Lezotik alde egin behar izan zuen. Koldobide Gezala ahizpa raketista Salamancan jaso, eta bide luze baten ondotik Donibane Garazira joan ziren. Han, iheslari zirenei ere eskolak eman zizkien. Tarte horretan, «Probintzia Baskongadetatik» 150 kilometrora bizitzeko debekua ezarri zioten.
1950ean itzuli zen Gipuzkoara Miren Gezala. Irakasle izaten jarraitu zuen. Hainbat herritan irakasle aritu ondoren, Donibane izan zuen azken lantoki erretiratu arte. Bere bizitzako azken hiru urteak Oiartzungo adinekoen egoitzan egin zituen.
