Etxebizitza Plana, bizileku eskubidea bermatzeko
Etxebiden, Lezon etxebizitza eskuratu nahiko luketen 534 eskaera daude egun. Horiei, baina bereziki gazte eta kolektibo zaurgarriei erantzuteko hiru urteko plana egin du udalak. Eremu tentsionatu izateko bidea ere aktibatu du.

Lezon etxebizitza eskuratzeko 534 eskaera aktibo daude, Etxebidek dituen datuen arabera. Horietatik %56 alokairuzkoetara daude bideratuta, eta eskaera guztien artetik %51 egun Lezotik kanpo bizi direnenak dira. Datu horiek Lezoko Udalak jaso ditu, Etxebizitza Plana egiteko lanketaren barruan. «Etxebizitza eskubidea bermatzea ezinbestekoa da bizitza duina izan ahal izateko. Egun, ordea, eskubide hori bermatu ahal izatetik urrun gaude Lezon. Lezoarren bizi proiektuak baldintzatzen dituen arazoa dugu hau», aitortu du Mikel Arruti alkateak. Lezokoa bai, baina arazoa orokorra dela azaldu du agintariak. Gaur aurkeztu dituzte planaren zertzelada nagusienak Eneritz Arruti eta Iker Salaberria lehen eta bigarren alkateordeek hurrenez hurren, eta Mikel Arruti alkateak.
Lezoko etxebizitzen gaineko lanketa egin du udalak, hiru urterako Etxebizitza Plana. Herriko egoeraren gaineko azterketa eta diagnostikoa ere jasota dago bertan, udal politiketatik eragin ahal izateko. Prozesu horren barruan ere Lezo Tentsio Handiko Bizitegi Eremu izendatzeko bidea ari da egiten udala: martxoko udalbatzarrera eramango du izendapenaren proposamena gobernu taldeak. Proposamen hori aurrera ateratzen denean herritik kanpoko erakundeetan aurkeztuko dute plana; horren barruan izendatzea posible egingo duten datuak daude jasota. Gobernu taldeak uste du botere publikoak etxebizitzen merkatuan esku-hartzea egin behar duela, «berau erregulatzeko neurri zehatzak hartuz». Mikel Arruti: «Horretan eragiteko udalaren eskumenak nahiko mugatuak diren arren, Lezoko Udalak oinarrizkoa den herritarren behar horri erantzuteko esku artean dituen aukerak baliatzeko apustu sendoa egin du». Planean jaso dute apustu hori.
Planak bost ardatz ditu. Horiek «herritarren etxebizitza premiak asetzeko» neurriak dira Arruti alkatearen arabera, «biztanleen etxebizitza duin eta egoki, eta arrazoizko prezioan eskuratu ahal izateko. Bizikidetza unitatearen diru sarreren %30etik beherako ahalegin ekonomikoaz ariko ginateke». Udal politikak zentzu horretan bideratuko dituzte.

Ezker eskuin: Eneritz Arruti, Mikel Arruti, eta Iker Salaberria, gaurko agerraldian.
Bost zutabeak
Planaren bost ardatzetatik lehena babes publikoko etxebizitzen parkea handitzea da. Eneritz Arruti alkateordeak oroitarazi du Olatzarko eremuan 33 etxebizitza babestu eta beste 24 tasatu eginak eta esleituak daudela jada, eta eremu horretarako beste 33 babespeko egingo direla. Gainera, Isasti eremuan beste hamasei eraikitzeko xehetasun azterlanak abian dira. Bestalde, Aralar kalean egun hutsik den eremuan gazteen alokairurako beste 52 eraikitzeko prozesua martxan da.
Bigarren ardatza da herrian identifikatu diren 115 etxebizitza hutsetan eragitea, iaz udalak onartutako zerga ordenantza eskuan. Biztanlerik ez duten etxebizitza horiek alokairura bideratzea da asmoa, «prezio eskuragarrietan», azaldu du Eneritz Arruti zinegotziak. Horien jabeek erabaki hori hartzen badute, Ondasun Higiezinen Zergan %50eko hobaria aplikatuko zaie; etxe hutsak merkaturatzea eragozten dutenei, berriz, zerga horretan %100eko errekargua (%150era irits daitekeena) ezarriko diete. Bizileku horiek berritu behar balira, obrak egiteko diru laguntza lerro espezifikoak edo zerga neurriak aztertzea aurreikusi da. Lezoko Udalak 115 etxe huts identifikatu ditu herrian.
Zailtasunak dituzten kolektiboak laguntzea, bereziki gazteak eta bazterketa arriskuan daudenak. Hori ere Lezoko Etxebizitza Planean jasota dago. Eneritz Arrutik zehaztu du Etxebiden erregistratutako lezoarren artean 36 urtetik beherakoen 114 eskaera daudela, eta azken urteetan udalerritik kanpo bizitzera joan direnen artetik %35 20-34 adin tarteko gazteak direla. Zailtasunak dituztenen artean ere, kolektibo zaurgarriak: udal baliabideak zein Jaurlaritzarenak erabil ditzatela eskatu diete haiei, «udalak aholkularitza eskaintzeko aukera landuko du». Eneritz Arrutik jakinarazi du bazterketa arriskuan daudenek hainbat diru laguntza lerro dituztela eskuragarri: batetik, udalak eskaintzen dituen gizarte larrialdietarako laguntzen barruan alokairura bideratutakoak daude, egun 26 etxetan baliatzen dituztenak. Eusko Jaurlaritzaren laguntzak ere hor direla adierazi dute udal agintariek, prestazio ekonomiko bidez. Hala, laguntza horiek eskuratzeko informazioa eta aholkularitza emateko prest agertu dira hautetsiak.
Hein berean, laugarren zutabe bezala, etxebizitza turistikoak arautzeko eta kontrolatzeko konpromisoa hartu du udal erakundeak.
Erakundeen arteko koordinazioari ere aipua egin dio Arruti alkateak, eta eskualdeko etxebizitza bulego integrala martxan jartzeko aukera mahaigaineratu du. Bertatik hainbat programa eta laguntza zuzenean kudeatuko zirelarik era hurbil eta errazean. Eusko Jaurlaritzak esku artean dituen laguntzen eta programen berri era eraginkorrean emateko hautua egin du udalak.”Lezoko Udalak garbi du etxebizitza duina izatea eskubidea dela, eta ezin dela utzi espekulazioaren esku. Jauzi berriak egiteko momentua dela uste dugu, politika ausartak eta eraginkorrak gauzatuz. Elkar zainduz, Lezo justuago eta bizigarriagoa eraiki dezagun».