Palestinaz ariko da Taher Ali, ostiralean
Orereta Palestinarekin Herri dinamikak antolatu du hitzaldia ostiralean —hilak 14— 19:30ean Reina aretoan.

Taher Ali ekintzaile palestinarrak hitzaldia emango du ostiralean Errenteria-Oreretan. Palestinaren gaur egungo egoera izango du hizpide Orereta Palestinarekin herri dinamikak antolatutako hitzaldiaren barruan.
Ez da Palestinaz ematen duen lehen hitzaldia udalerrian, 2023ko urrian ere izan zen bertan NATO eta EBren kontrako Herri Ekimenak antolatutako hitzaldian, eta HITZAk elkarrizketatu zuen orduan.
Al-Yudur Palestinako gazte erbesteratuen antolakundeko kidea. Justizia, deskolonizazioa, askapena eta itzulera dute aldarri gazte horiek. Errefuxiatu palestinarren semea, Espainiako Estatuan jaio zen, Madrilen zehazki, eta egun Bilbon bizi da.
Hitzaldia Reina aretoan izango da, ostiralean —hilak 14— 19:30ean. Orereta Palestinarekin herri dinamikak herritar guztiak deitu ditu parte hartzera eta Palestinaren gaur egungo egoera lehen eskutik ezagutzera.