Euskal Herriko sorgin ehizaren gaineko performancea ostiralean, Gaztañon
Gaztañoko auzo lokalean egingo dute emanaldia Xabier Susperregi idazleak eta Zugarramurdi Sorgin Haizea antzerki taldeak, 19:00etan.
Sorgin Haizea antzerki taldekoak Logroñon emanaldia egin zutenean bertako Oroimenaren Oihanean egindako argazkia.Erran.eus Lapurdi, Zugarramurdi eta Maria Zozaiaren arteko lotura. Hori da Gaztañoko auzo elkarteak antolatu duen hurrengo hitzorduaren izenburua. Ostiralean izango da, hilak 21, 19:00etan, Gaztañoko auzo lokalean.
Ez da ohiko hitzaldia izango ostiralekoa, performancea baizik, eta Xabier Susperregi idazle errenteriarrak eta Zugarramurdiko Sorgin Haizea antzerki taldeak, Inkisizioak euskal sorginen kontra egindako ehiza eramango dute auzo lokalera literatura eta antzerkia baliatuta horretarako. Euskal sorginekin egindako sarraskia lehen lerroan jarriko dute. Sorgin Haizeak antzerki taldeak, Zugarramurdin bertan egin du sorgin ehizaren gainean sortutako antzezlanaren emanaldia, baita Logroñora (Errioxa, Espainia) eraman ere.
Espainiako Inkisizioak Zugarramurdiko eta bailarako 300bat herritarri sorginkeria egitea egotzi zien, horietako 40 Logroñora atxilotuta eraman zituen, eta azkenean 11 sutan erretzera kondenatu. Oieregin jaio zen baina 20 urterekin errenteriara bizitzera etorri zen Maria Zozaia da sorginkeria egotzita atxilotu eta epaitu zuten emakume horietako bat; sutan erretzera kondenatu zuten, baina aurretik hil zen Logroñoko espetxean zabaldutako izurrite baten ondorioz. 80 urte zituen.
Sorgin jazarpen hori Nafarroan 1525ean hasita gertatutako laugarrena eta azkena izan zen.
Susperregik eta Sorgin Haizea taldeak sortutakoa pieza bakarra da, eta Gaztañon baino ezingo da ikusi. Hori horrela, antolatzaileek herritarrak parte hartzera deitu dituzte Zugarramurdi eta inguruetako emakume horiekin gertatu zena lehen eskutik ezagutzeko.
