"Ahultasun betean bizi den sektorea da kulturarena, eta babes berezia behar du"
Vaiven Producciones konpainiak behin betirako etengo du bidea, Errenteria-Oreretan igandean 'El patio de las moreras' antzezlana emanda. Itxieraren atzean, arrazoi ekonomikoak daude.

Hilabete honetarako eta maiatzerako ondu duen kultur programazioaren berri eman du gaur Errenteriako Udalak agerraldi bidez. Lehen emanaldia, igande honetan bertan izango da: Vaiven Producciones konpainiaren El patio de las moreras antzezlana. Hura aurkezteko udal ordezkariekin batera izan da agerraldian Ana Pimienta konpainiako ordezkaria, eta testuinguru horretan azaldu du igandekoa, emanaldi berezia izango dela, 28 urte “luze eta oparoen” azkena.
Izan ere, behin betiko jaitsiko du teloia konpainiak. Ez da erretiroa hartuko dutelako, proiektu handiago baterako jauzia egingo dutelako. Bide etetea, arazo ekonomikoek eragindako itolarriak ekarri du, ezinbestean, kulturgile eta sortzaileen lana gutxiegi aitortzen den, eta jendarte gero eta pantaila-zaleagoa den ingurumari betean.
Hunkituta hartu du hitza pimentak. Aitortu badu ere hilabeteak daramala “dolua” egiten atzera bueltarik ez duen erabakia barneratzeko, ezin duela hunkitzea ekidin dio. Gaurko bere hitzartzea kulturaren aldeko aldarria egiteko, eta sektore horretan biltzen diren sortzaileak, zein instituzioak hausnartzera deitzeko baliatu du.
“Oso gogorra da onartzea eten egin behar dugula antzerkigintzan egin dugun bide luzea, baldintza ekonomikoek ez dutelako jarraitzeko aukerarik ematen. Hilabeteak daramat erabakia barneratzen, baina gaiaz hitz egiten dudan bakoitzean zabaltzen zaizkit zauriak”. Gordin mintzatu da Pimenta, pena handiz. Sinistuta dago, ez dela Vaiven konpainia egoera hori bizi duen bakarra, sektoreak egunero-egunero bizi duen egoera baizik, “oso sektore prekarioa da kulturarena, autoprekarietate maila oso altuan diharduena, eta asko-askotan tokatzen zaigu egoera horretan bizirauten jarraitzeko egitura txikitzea, mehartzea, edo guk hartu dugun tamainako erabakiak hartzea”.
Vaiven Producciones konpainia handia zela jarri du nabarmen, bost pertsona kontratatu zituzten, “baina zenbakiek ez dute ematen, emanaldi gutxi egiten dira. 100.000 euro balio dituen ikuskizuna sortzen duzu eta gero hamarren bat jasotzen duzu nahiz eta diru laguntzak izan”. Ahoan bilorik gabe esan du, agertoki ekonomikoa zaildua dagoela erabat, “guri gertatu zaiguna sektorearen termometroa da, neurri batean”.
Eurena “konpromiso zigilua” duen konpainia izan dela dio harro, eta horrek ere ba omen du eragina: “Gizartearekin konpromisoa izan dugu beti, jendarteari kezka eragiten dioten gaiak lantzen saiatu gara, eta horrek ateak ixtea dakar askotan, edo ez hain zabalik izatea”. Errealitate horrek, ez diola soilik Euskal Herriari eragiten dio, “Estatuan lan handia egin dugu eta egoera bera aurkitu dugu leku askotan. Ez da bideragarria Cadizen (Andaluzia, Espainia) emanaldi bat egitea, hiru egun behar dituzulako eta ezin diezu gastuei aurre egin. Etxera, galerarekin zatoz”.
Prezioak gora egiten ari diren testuinguruan, cachea izoztuta dagoela jarri du nabarmen, “udaletako eta instituzioetako aurrekontuak ere berdinean mantendu dituzte. Horrek non eragiten du? katebegi ahulenean, konpainiengan. Horrek antzerkiarekin lotutako aldea ixtera eraman gaitu, nahiz eta musika arloan jarraituko dugun lanean. Iñaki Salvadorrek darama alderdi hori, baina ezin dugu ekoizpen gehiago egin antzerkian, ekonomiak eta animoak ez dutelako laguntzen”.
Arduraz itxi nahi zutela ere esan du Pimentak, “langile bakoitzari zegokiona ordainduta itxi nahi genuen, eta ez txirotasunera helduta. Horregatik ere hartu dugu erabakia azkar, erabat okertzera itxoin gabe”.
Konpainiaren erreferentzialtasuna
Vaiven Producciones konpainiaren erreferentzialtasuna nabarmen jarri du, bestalde, “Euskal Herrian erreferentzialak izan garela esan behar dut, 40 ekoizpen egin ditugu gehien-gehienak formatu ertain-handikoak”. Sariak ez dutela zertan erreferente bat izan aitortuta, horiek ibilbideari ere ematen diotela garrantzia esan du eta bide horretan “Max, Ercilla, Ikusleen sariak, Rojas de Toledo, Donostia Saria… eta publikoaren aitortza izan dugu. Lanetako batzuk ere aipatu ditu: El ultimo tren a treblinka, Erlauntza, Redada Familiar, Lotsagabe, Sherezade y las capas de la cebolla…
Lehen lerroan ikusleak jarri ditu, “guretzako oso garrantzitsua da hunkituta eta interpelatuta irtetea emanalditik, kontatzen dugun horrek kezka eragin eta hausnarketarako bidea zabal diezaien oso garrantzitsua da guretzat”. Konpainiak egindako ibilbidea “oso duina” izan dela esan du, “herri honen kulturaren trakzio-konpainia izan garela sinistuta gaude, eta hori gelditzen zaigu, memoria izatea atzetik datozenek erabil dezaten sortu dugun haztegia”. Kezka sortzen dio, izan ere Pimentari, belaunaldi erreleboak, “konpainiei hainbeste zailtzen bazaigu guztia, diru laguntzak eskatzea hain zaila denean, hain burokratikoa, hainbeste paper egin behar badira emanaldi bakoitzeko inork ez du lekukorik hartu nahi”. Konpainien aldetik hausnarketa eskatzen duela egoerak uste du, baina instituzioen aldetik, “eseri eta sektorearen alde zer egin dezaketen erabaki behar dute sektoreak bizi duen egoeratik ateratzeko. Gurea ahultasun betean bizi den sektorea da eta babes berezia behar du. Batzuetan badu, nik subentzioak izan ditut baina hala ere ez dit eman aurre egiteko”.
Horren harira, beste gogoeta bat, honakoa publikoari begirakoa, “aztertu behar dugu zergatik ez dugun lortzen publikoa antzokietara ekartzea eta nire ardura hartzen dut puntu horretan. Gero eta pantaila zaleagoa da jendea, gero eta indibidualistagoa, eta hortaz, ez ditu motibatzen elkartzeko espazioetara joateak, atmosfera berezia sortzeko”. Deia azkenik antzerkigintzaren ehunaren parte diren guztiei, elkar ulertzeko eta elkar eragiteko, “balio dezala gure egoerak hausnarketari bidea zabaltzeko”.
Azkenekoz igoko dira oholtzara antzeztera. Igandean izango da, hilak 6, Errenteria-Oreretako Niessen Kulturgunean, 19:00etan.

Landa, Pimenta eta Gartzia gaurko agerraldian, lekuona Fabrika sarreran.