Musika Jesusen Bihotza egoitzara eramango du EMKE Bandak
Zaharrak Berri zikloaren barruan egingo du kontzertua musika bandak Gabierrotan kokatuta dagoen zaharren egoitzan.

Errenteriako Musika Bandak kontzertua emango du asteburuan Jesusen Bihotza zaharren egoitzan. Hilaren 6an, igandearekin egingo du emanaldia 11:45ean, Alain Aierdi Gurpegiren zuzendaritzapean. Zikloaren helburua, herriko egoitzak musikaz eta alaitasunez betetzea dela azaldu du EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteak.
Egoiliarrei zein haien senideei begirakoa izango da emanaldia, eta askotariko musika estiloak interpretatuko ditu musika bandak, zarzuelatik hasi eta erritmo latinoetarainoko bidaia musikala eskaintzeko, “zalantzarik ez dugu entzuleak liluratuko dituela emanaldia, gutizia izango delako”. Musikaren arlotik harago, betekizun soziala du emanaldiak eta urtero egiten du EMKEk bisita zaharren egoitzara duela 12 urte Zaharrak Berri zikloa abiatu zuenetik.
Luxua da, zalantzarik ez dago, musika zuzenean bizitzeko aukera ematen dielako egoiliarrei, egoitzatik atera behar izan gabe. Kontzertuaren errepertorioa kontsultatzeko klikatu hemen.