Mende erdia, hiru minutuan
'3 minutu, Bizitza bat. Xenpelar Tailerrak 50 urte eta gehiago' erakusketa zabaldu dute Foru plazan eta Xenpelar Etxean.

Xenpelar Tailerren 50. urteurrenaren aitzakian erakusketa zabaldu du gaur udalak Foru plazan eta Xenpelar Etxean. Memoria komun bat eraikitzea du helburu erakusketaren bidez, eta horretarako tailerren inguruko oroitzapenak berreskuratu ditu. Proiektuaren atzean, Errenteriako Udala eta David Hornback argazkilaria daude. Argazkilariak, bere 3 minutes obra, Xenpelar Tailerretara egokitu du udalarekin elkarlanean.
Ez du egungo argazki kamera baliatzen bere lanerako Hornbackek, duela 120 urteko kamera baizik. Horrekin egiten ditu erretratuak eta garai hartako argazkiak egiteko teknika ere berreskuratu du. Hori horrela, argazkiak egiteko denbora nabarmen luzatu du argazkilariak, izan ere, 3 minutuko esposizioa eskatzen baitu bere kamerak argazkiak egiteko.
Kamera horrekin egindako erretratuak bildu dituzte erakusketara, eta horietako protagonistak, 50 urte hauetan Xenpelar Tailerretatik pasatako ikasle, irakasle, zein gaur egun dauden zenbait dira. Denera 23 lagun erretratatu ditu Hornbackek eta argazkiak joan den urteko maiatzean egin zituen gaur egun tailerrak hartzen dituen Merkatuzar eraikinean. Maite Gartzia Kultura zinegotziak azaldu du kameraren aurrean jarri diren pertsonak hiru minutu izan direla geldirik argazkia egin zain, “bitartean, denbora horretan, Xenpelar Tailerren inguruan hausnartzeko eskatu zitzaien, euren oroitzapenetan murgiltzeko. Argazkilariaren lana bukatuta, pentsamendu horiek grabazioetan jaso dituzte protagonistek”.
Bi zati ditu erakusketak. Erretratuak Foru plazan daude. Ez da ausazkoa kokapen hori, izan ere, Xenpelar tailerren jatorrizko kokapena plaza horretan duela 50 urte zegoen Portaviones izenekoa izan baitzen. Xenpelar Etxean dago bigarren zatia. Tailerrei lotutako hainbat elementu jarri dituzte bertan ikusgai, baita bateren batek Xenpelar Tailerretan aritu bada oroitzapenak utz ditzan grabagailua ere, edota idazteko koadernoa.
Erakusketa gaurtik hilaren 26ra arte izango da kokaleku bietan ikusgai, eta gaur izango da inaugurazioa 18:00etan Xenpelar Etxean. Foru plazan kokatutakoa, 24 orduz ikusi ahalko da; Xenpelar Etxekoa astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20:00etara.
Nazioartean ibilbide oparoa du David Hornback (Los Angeles, 1962) argazkilariak, eta San Jose Mercury Newseko taldearekin batera Pulitzer saria irabazi zuen San Frantziskoko Loma Prietako lurrikararen berri emanez egindako lanarengatik (1989). National Geographic, GEO, Time, The New York Times, eta Nesweekentzat lan egin du, besteak beste, gertaera historikoak dokumentatuz. Egun, Bilbon bizi da, eta Performancea, arte eszenikoak, zinema eta irakaskuntza uztartzen ditu argazkilaritzarekin.