Laguntzaileei, esker ona
Orereta Rugby Taldeak eskerrak eman dizkie aurreko asteburuan Gipuzkoako errugbi eskolen topaketan laguntzaile aritu zirenei.

Gipuzkoako errugbi eskolen topaketa egin zuten joan den igandean Beraungo Mikel Odriozola estadioan. Gipuzkoako Errugbi federazioak hilero antolatzen du topaketa hori, eta Orereta RT Orereta Rugby Taldeak Errenteria-Oreretara ekarri zuen. Jarduerak emandakoarekin pozik azaldu da Orereta RT, izan ere, Txingudi, Bera Bera, Ordizia, Iruña, eta Oreretako 100 jokalaritik gora elkartu ziren topaketaren harira, errugbiari ikusgarritasuna emanez udalerrian.
Orereta Rugby Taldeak eskerrak eman dizkie ekitaldiaren antolaketan laguntzen aritu direnei, “topaketa hau aurrera ateratzeko klubeko jokalari, monitore, guraso eta babesleen arteko elkarlana ezinbestekoa izan da. Bide horretan asko estimatzen dugu Errenteriako Udalaren laguntza, baita Lapurdiko Pizzak, Ostarte elkartea, eta Beraungo estadioko tabernarena. Azken hiru horiek partidaren hirugarren denbora hornitu dute”.
14 urtez azpikoak
Orereta, Txingudi eta Baztan Menditarrak kluben artean osatutako taldea Gipuzkoako 14 urtez azpiko txapelketaren finalera sailkatu da. Larunbatean jokatuko dute final hori Bultz Bera Beraren aurka. Denboraldi honetan Oreretako hiru jokalari ari dira Txingudi/Orereta/Baztanen: Enai Irastorza, Xian Aizpurua eta Eki Galarraga.