Donibaneko kirol guneko materiala berritu da
Donibaneko kirol guneko materiala zaharkituta zegoen, eta aldatzea erabaki du udalak. Datozen hilabeteetan beste kirol guneetako materiala ere berrituko da.

Pasaiako Udalak Donibaneko kirol guneko materiala berritu du. Zehazki, pisu libreko material berriak instalatu dira Donibaneko kirol gunean. Materiala zaharkituta zegoela adierazi zuten herritarrek, erabiltzaileek eta kirol guneko kudeatzaileek; hori dela eta, horiek berritzea “funtsezkoa” zela nabarmendu du Julen Rodriguez Kirol zinegotziak.
Gauzak horrela, multipower makina bat, erabilera anitzeko hiru banku, press bankan aritzen bankua, halteren eta diskoen sortak eta materiala biltegiratzeko egitura berriak jarri ditu udalak Donibaneko kirol gunean. Orotara, 6.814,24 euroko inbertsioa egin du udal erakundeak aipatutako materialetan.
Donibaneko materialak aldatuta, hurrengo hilabeteetan beste kirol guneetako materiala ere aldatuko dela aurreratu du Rodriguezek: “Gure konpromisoa irmoa da, kirola eta Pasaiako kirolarien baldintzak hobetzeko eta horretan gabiltza lanean, egunero”.