"Jasanezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea"
Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako elkarretaratzeak egin ziren atzo arratsaldean Oarso Bidasoko herrietan.

Gernika-Palestina Herri Ekimenak deitutako elkarretaratzeak egin ziren atzo arratsean Oarsoaldeko lau herrietan nahiz Irunen eta Hondarribian. Euskal Herriko herri gehienetan bezala, Palestinako herriari babesa adierazteko bilkura isilak izan ziren, Genozidioa stop. Lurra, justizia eta bakea lelopean egindakoak. Herriz herri, ehunka izan ziren deialdiarekin bat egin zuten herritarrak gurean. Milaka Euskal herrian. Israel genozidioa egiten ari da Palestinako herriaren kontra. Sufrimendua eta samina erruz zabaltzen ari da estatu sionista. Horri aurre egitera atera ziren atzo herritarrak.
Lezon, lehenik eta behin elkarretaratzea egin zuten Gurutze Santuaren plazan, eta ondoren manifestazioa herritik Karlos Saldise plazaraino. Han, palestinar jatorriko hainbat herritarrek testigantza eman zuten. 100bat lezoar izan ziren Gernila-Palestinaren deialdiarekin bat egin zutenak. Antxon izan zen Pasaiako deialdi bateratua, Biteri plazan; lau barrutietako biztanleek bat egin zuten hainbat eragilek deitutako mobilizazioarekin, betiere Gernika-Palestina Herri Ekimenak egindako deialdiari jarraiki. Horien bukaeran Jon Maiak egindako testua irakurri zen (behean dago).
Hondarribian San Pedro kalean izan zen elkarretaratzea. Dozenaka izan ziren kalearen erdi-erdian bildu ziren hondarribiarrak. Irunen, berriz, San Juan plazako zabalgunean egin zuten Palestinari sostengua emateko elkarretaratzea. Irunen, Katea auzoan ere egin zuten mobilizazioa.
Oiartzunen udaletxearen atarian jarri ziren Israelen genozidioari “geldi” esatera bildu zirenak. Errenteria-Oreretan, berriz, Herriko Plaza hartu zuten elkartasun eta salaketa mezua zabaldu zutenek.
Jarraian, herriz herri izan ziren elkarretaratzeen irudiak eta bideoa.















Ondokoa da, hitzez hitz, elkarretaratzeetan irakurri zen testu bateratua, Jon Maiak idatzitakoa.
Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko! nahikoa da esateko! eta hemendik, Euskal Herria deritzon munduaren txoko honetatik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko. Haritzaren herritik olibondoaren herrira. Gernikaren herritik Gazako herrira.
Jasanezina egiten zaigu lsraelen eraso bakar bat gehiago.
Jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago. Jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago.
Jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea.
Jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egitea.
Jasanezina eta onartezina da genozidio anker honek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean.
Begi guztiak Palestinan ditugu eta hemendik, Donostiatik, Euskal Herritik mundu osoan bidegabekeria eta izugarrikeria honen aurka ari den aldarriarekin bat egiten dugu.
Palestinako herriaren eskubide legitimoekin bat eginez, hemen bildu garen euskal herritarrok ere adierazten dugu ez dugula onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta lsraelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik.
Eta irmo adierazten dugu, behar den guztietan jarraituko dugula salatzen lsraelen bihotz gabeko gerra politika sionista genozida eta berarekin bat egiten duen ororen konplizitatea.
Palestinaren borroka, justizia unibertsalaren aldeko borroka da, genozidio ororen aurkako borroka da, giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da. Gutako bakoitzaren eta gure seme alaben etorkizuneko munduaren borroka da.
Euskal Herritar guziei dei egiten diegu mobilizazioei adi egoteko. Ez kentzeko begirada Palestinatik. Jarraitzeko hemendik salatzen eta konponbidearen aldeko bidea zabaltzen.
Palestina, zurekin gaude! ez zaitugu inoiz bakarrik utziko. Gora Palestina askatuta!