Lan baldintzak parekatzea lortu dute SAD Errenteriako langileek
Errenteriako Udalaren apustua "argia" izan dela etorkizuneko zerbitzuaren publifikazioaren bidean nabarmendu du ELA sindikatuak, plantila horren lan baldintzak parekatzeko, eta ahalegina aitortu dio.
Etxeko Langileen Zerbitzuko azpikontratatuko langileak.ELA sindikatua Azpikontratatutako Arquisocial enpresako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek udal plantillako langileen baldintza berak izango dituzte aurrerantzean. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak prentsa ohar bidez. Horrek langile horiek soldatak %50 baino gehiago igotzea, eta lizentzietan, zein gutxieneko lanaldietan ere hobekuntzak ekarriko dizkie besteak beste.
Ia urtebeteko negoziazio prozesua dagoela lorpen horren atzean zehaztu du ELAk, “horren ondoren, hitzarmen kolektibo berri bat sinatzea lortu dugu, eta horren arabera, azpikontratatutako zerbitzuan ari diren langileen baldintza gehienak lan bera egiten duten udaleko langileen lan baldintzekin parekatuko dira”. Hitzarmenak 61 langileri eragingo die.
ELAk zaintza lanaren garrantzia eta zentraltasuna aldarrikatu du, baita zerbitzu hori ematen duten pertsonen lan baldintzak duintzeko beharra ere, “gehienak emakumeak dira eta prekarietate egoeran daude”. Urtebeteko bidea izan da, baina aurretik, hainbat mobilizazio eta greba egin dituzte langileek. Zaintzari berriro erreparatu dio sindikatuak, eta 2023ko greba feministari begira jarri, “argi utzi zuen grebak zaintza erdigunean jartzeko aldarrikapena, baita azpikontratatutako zerbitzuak publifikatzeko beharra ere”.
Negoziazio prozesuan zehar Errenteriako Udalak jokatu duen paperari aitortza egin dio sindikatuak, “garbia izan da Errenteriako Udalaren apustua, etorkizuneko zerbitzuaren publifikazioaren bidean, plantilla honen lan baldintzak parekatzeko. ELAtik udalak egindako ahalegina aitortzen dugu”. Harago jo du sindikatuak eta nabarmen jarri du udalak, erabat feminizatua den eta soldata arrakala nabarmena duen sektorearen lan baldintzak hobetzearen aldeko apustua egin duela esanda.
Lortutako akordioari esker Errenteriako Etxeko Langileen Zerbitzuan ari diren langileak lan baldintza duinak izango dituztela nabarmendu du ELAk, “b izi duten prekarietatik aterata”. Konpromisoa ere adierazi du sindikatu horrek lanean jarraitzeko, “prekarietate egoera horiek pairatzen dituzten emakumeen errealitatea alda dadin”.
