Oarsoaldeko berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema behatu du nazioarteko misio tekniko batek
EAEko tokiko garapeneko ekosistema ezagutzea eta lurraldeko proiektu esanguratsuak bisitatzea du helburu nazioarteko misio tekniko horrek.
Albaolara egindako bisitaren irudi bat.Oarsoaldea Garapen Agentzia Kolonbia, Argentina, Peru, Bolivia, Kuba eta Espainiatik heldutako lurralde garapenerako erakundeen 40 arduradunek Oarsoaldea bisitatu dute Lurralde Garapena Sustatzen duten Agentzia eta Erakundeen III Topaketa Iberoamerikarraren barruan. Bisita horren helburua, Araba, Bizkai eta Gipzukoako tokiko garapeneko ekosistema ezagutzea eta proiektu esanguratsuak bisitatzea izan dute astelehenetik gaur arte.
Oarsoaldean Pasaiako Albaola Itsas Faktoria eta Errenteria-Oreretako Agustinak Zentroa bisitatu zituen atzo ordezkaritza horrek, bertako berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema ezagutzeko. Bi proiektu horiek ekonomia urdinerako eta kultur berrikuntzarako “funtsezkoak” direla zehaztu du Oarsoaldea Garapen Agentziak. Albaolara egindako bisitaldian ontzigintza tradizionalari buruzko azalpena jaso zuten, baita erriberako arotzeriako prestakuntzaren garrantziaren gainekoa ere. Pasaiako Badian ibilaldia egin zuten ondoren, itsasontziz, eta ibilaldian zehar Oarsoaldeko Ekonomia Urdinaren Poloa aurkeztu zuten. Azti zentro teknologikoak, Oarsoaldea Garapen agentziak eta Pasaiako Portu Agintaritzak bultzatutako eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako iniziatiba, itsas ekonomiarekin lotutako proiektuen jarraipena egin eta iniziatiba berriak abiatzeko topagune bilakatu da.
Ekintzaileei, kultura eta sormen industrien proiektuei eta sektoreei zuzendutako Agustinak Zentroa bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izan zuen nazioarteko ordezkaritzak. Ekintzailetzaren euskal ekosistemaren erreferentzialtasuna nabarmen jarri du Oarsoaldea Garapen Agentziak, “bere arau, zerga eta erakunde egitura sendoari esker”. Eredu horrek, oinarri teknologikoko proiektuei laguntzea eta autoenplegua eta mikroekintzailetza sustatzea konbinatzean dituela azaldu du azkenik Oarsoaldeak, “gizarte kohesioan eta lurralde garapenean laguntzeko”.
