Sagardo Eguna aurkeztu dute: "Zin egiten dizuegu usadioak batuko gaituela beste behin"
Gaur aurkeztu dute Oreretako XXXVII. Sagardo Eguna. Hilaren 26rako herrigintzatik sortutako herriaren festa antolatu dute. Gurenda Erkizia eta Angel Utxa, omenduak.

“Zin egiten dizuegu usadioak batuko gaituela beste behin”. Esaldia gaur Oreretako Sagardo Egunaren antolatzaileek esandakoa da, Oreretako XXXVII. Sagardo Egunaren aurkezpenean. Hilaren 26koa da batzeko egun hori. “Naturatik gatoz eta natura maite dugu. Iritsi da apirila. Horrekin batera, herriko ohiturari jarraituz, batu gara gaurkoan natura, lurra, fruitua, uzta, elkarlana, herrigintza, ospakizuna, ardurak, hitzartutakoak eta horiek guztiak aurkeztera”.
Herrigintzak herriarentzat sortua baita sagardoaren 37. festa. Herrigintza, ardura eta hitzartutakoak hitzak ez dituzte menturaz erabili antolatzaileek euren hitz tartean. Festa handia ezaugarritzeko hiru hitz horiek (gutxienez) betetzen dituzten herritarrei aitortza egiten baitiete urtero: aurten, Oreretako Sagardo Eguna existitzea, handitzea, zabaltzea, herritarren festa izatea ahalbidetu duten Gurenda Erkiziari eta Angel Utxari egin diete aurkezpenean aitortza. Hilaren 26ko festan, euren festan, protagonista izango dira. Gaur bezala. Sagardo Eguna izan den bakoitzean bezala. “Zuek gabe ez litzateke jai herrikoi maitagarririk izango”, esan diete. Aurkezpenaren ondoren Arramendiko Oreretako Sagardo Egunaren zuhaiztira joan dira denak, han sagarrondoa landatzera, gaurkoa Erkiziarena eta Utxarena. “Jasoko dugu hurrengo batean sagasti eder horren uzta bikaina”.
Goiz eta arratsaldeko festa izango da beste behin. Idiek garraiatuko dute goizean sagardo kupel handia herritik zehar, eta Foru Plazan zain izango dira herritarrak lehen txotxa egiteko prest, 12:00etan. Eguerdiko giroa goxoa izaten da, herrikoa. Arratsaldean, berriz, Gamon Zumardiko txotx erraldoia (18:00) Euskal Herriko sagardogile esanguratsuenen emaitzekin. Botila berdeen postuen ondoan talogileak, Eusko Labelen txahal erretzea eta horren banaketa, kale animazioa, zalaparta, txalaparta, trikitilariak, dultzaineroak, dantzariak, txistulariak… Nola ez, edalontzia erostearekin batera, leporako zapia, pintxoa jateko tiketa, eta Donostia sagardotegian bazkaldu ahal izateko zozketaren txartela jasoko dute sagardozaleek. Gainera, eguna antolatzeko beharrezko dituzten laguntzaile guztien zerrenda banan-banan irakurri dute, bertan herriko komertzio, denda, taberna eta udala daudelarik. Eskerrik beroena eman diete.
Balioz betetako eguna
Oreretako Sagardo Eguna ez da sagarraren zukuari oles egiteko festa bakarrik. Baditu balioak. Horiek gogorarazi dituzte gaurko aurkezpenean antolatzaileek. Izan ere, sagardogintzarena eta horren dastaketarena euskal ohitura izanik ere, jendea euskaldun zerk egiten duen galdetu dute, ozen, gaurko prentsaurrekoan. Baita erantzuna eman ere: “Hizkuntzak, euskarak”. Egunaren hizkuntza euskara da.
Antolakuntza irmo azaldu da esateko festa bitartean ez dela inolako eraso sexistarik onartuko. Eta errespetuzko jarrerak izan ditzatela eskatu diete apirileko azken larunbatean herrikoei nahiz herrira etorriko direnei, bai lanean ari direnekiko, bai eta beste guztiekiko ere. Genozidio ankerra jasaten ari den Palestinako herria ere izan dute gogoan. Gozatzeko aukera bai, baina sufrimenduan direnak ere presente izateko eguna dela azaldu dute festaren bultzatzaileek.
Sagardo Egunaren antolatzaileek aitortza hitz goxoak izan dituzte Erkizia eta Utxarentzat. Era hunkigarrian deskribatu dute zer eman dioten egunari, eta beraz, zergatik jasoko duten aitortza. Beheko koadroan (urdinean), hitzez hitz, gaurko aurkezpenean haiei oles egiteko esan dituztenak. Jarraian, ordea, aurkezpenaren hainbat unerekin bideoa eta irudi sorta.

















Gurenda Erkiziari buruzkoak
Guren, isilean eta ezkutuan lan egiten duzun horietakoa bazara ere,
Orereta herriari honakoa jakinarazi nahi diogu: Sagardo Eguna ez litzateke
ezer zure presentziarik gabe.
Guren, zenbat urte, zenbat edalontzi, zenbat
zapi tolestuta, zenbat kutxa mugituta, zenbat argazki atera dituzun, zein
dotorezia, zer koordinazioa… Guren zenbat dei, zenbat mezu, zenbat
hitzordu, zenbat buelta. Gurenda, zenbat edalontzi-postu (goiz eta
arratsaldez), zenbat mesede eta euripean lan eginda. Guren, zenbat
metro, kilometro egin dituzu gora eta behera, zenbat poltsa, zenbat zapi,
zenbat izerdi.
Guren, onartuko dizugu miresten zaitugula, inoiz ez baituzu
zu identifikatzen zaituen irribarre hori galdu. Guren, indarra, animoa, gogoa,
ilusioa, kemena… islatzen da zugan, eta horixe transmititu diguzu. Eta,
Guren, badakigu, edozer dela eta, edozeren beharra badugu ere, beti
izango zaitugula prest.
Angel Utxari buruzkoak
Angelito, zer esan zu aipatzen zaitugunean? Nola transmititu, herriak jakin
dezan, zenbat ordu, zenbat hitzordu, zenbat kilometro, zenbat ardura, zein
gogotsu, zer miresmen dizugun, zenbat neke, zenbat buelta patata-tortillari,
zenbat irribarre, zein arduratsu, zein konprometitua, zenbat zotz eta txorizo,
zenbat telefono dei eta mezu elkarrekin partekatuak.
Sagardo Egunaren
hastapenean ezagutu zintudan, zintugun eta hortxe darraizu, umoretsu.
Zalantza izpirik gabe (eta hau egia da, benetan) gu ez ginateke ezer zu gabe.
Utxa, Oreretako Sagardo Eguna ez litzateke gu guztion eguna zu gabe. Zuk
ematen diozu dena. Zuk duzu presentzia, zuk ematen diozu zure denbora,
zuk eskaintzen diozu zure ardura, zuk egiten duzu talde-lana, zuk jartzen
duzu sukalde materiala, zuk koordinatzen dituzu pintxoak, zuk bideratzen
duzu herritarren gosea asetzeko baliabidea, zu joaten zara gurditxoarekin
batetik bestera eskuak txorizoen lapikoan arrantza egin ostean…
Angel Utxa,
zuk biltzen dituzu elkarte gastronomikoak, zuk eskaintzen duzu
elkartea, zuk ahalbidetzen duzu gure elkarlana. Utxa, zuk biltzen duzu
ondoren materiala, garbitzera eramateko eta hurrengo baterako jasotzeko.
Eta zure bibote dotore eta irribarre horrek aukera ematen digu gogotsu
jarraitzeko herrigintzan, elkarlanean sinistuta. Sekula ez duzu galdu indar eta
grina hori, irribarre hori. Eta, mesedez, etzazula galdu. Zuganako
miresmenak (eta zure beharra) dugu, du Sagardo Egunak.
Zu bezalakorik ezdago, Angel!!!