PSE-EEk nabarmendu du Arrandegi kaleko lokalak udal erabilerakoa izan behar duela
Trintxerpeko haur eskola zegoen lokal horretan, eta PSE-EEk euren proposamena azaldu du prentsa ohar batean.
Pasaiako PSE-EEk prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Trintxerpeko Arrandegi kaleko haur eskola zegoen lokalak udal erabilera izan behar luke. “Udalak beti du jarduera komunitarioak garatzeko espazioen beharra Pasaian”, nabarmendu dute.
Era berean, salatu dute EH Bildu eta Podemosek babestutako erabakiaren ondorioz haur eskola zegoen lokala erabilerarik gabe geratuko dela.
Lokalaren espazioa, kokapena eta udal departamentu ezberdinek dituzten beharrak kontuan hartuta, sozialistek adierazi dute espazio hori udal zerbitzuren bat garatzeko edota handitzeko beharrezkoa izan daitekeen aztertzea ondo ikusten dutela. “Haurrentzako hezkuntza jarduerari lotutako ekipamendua izanik, udal ludoteka zerbitzua edo Musika Eskolak haurrei eskaintzen dizkien zerbitzuak zabaltzeko erabil daiteke”, jarraitu dute.
Era berean, nabarmendu dute irisgarritasun ona duen espazioa dela, eta Heldufit, hirugarren adinekoentzako jarduerak egiteko edota bilerak zein jarduerak egiteko lokal komunitarioa izan daitekeela. Ildo horretatik, PSE-EEk datorren osoko bilkuran eztabaidatzea espero duen proposamen bat aurkeztu du.
Proposamen horren helburua da lokala “pasaitarren gozamenerako eta udal erabilerarako erabiltzen jarraitzea”. Gauzak horrela, sozialistek eskatu dute udal departamentuei eskaintzeko eta, behar izanez gero, udal zerbitzu edota programa bat garatzeko espazioa “behar den horretara egokitzeko”.
