Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketara batzeko azken egunak
Hilaren 26ra arte aurkez daitezke lanak bigarrenez antolatu den Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketara.
Iazko lehen ekitaldiko sari emate ekitaldian, talde argazkia.Aura Erro Olerkizaleek euren sormena lantzeko eta plazaratzeko aukera dute Errenteria-Oreretan. Bigarrenez antolatu dute Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketa. Martxoaren 21ean zabaldu zuten horretara lanak aurkezteko epea, eta hori bukatzear da; zehazki, hilaren 26a da (larunbata) lanak entregatzeko azken eguna. Errenteriako Udalak antolatu du lehiaketa. Irabazleak maiatzaren 12an jakinaraziko dituzte: sari nagusia ekainean 2024-2025 ikasturtean Sihara Nuño poetaren tailerrean sortutako poesia lanekin argitaratuko den Lekuona Fabrika antologia poetikoa (fisikoki zein digitalki) argitalpenaren parte izatea.
Lau sari banatuko dituzte, bina euskarazko eta gaztelaniazko kategorietan. Kategoria horietako bakoitzean adinaren araberako azpi-kategoriak zehaztu ditu antolakuntzak, bat gazteei begirakoa (16-35 adin tartekoak), eta bestea helduxeagoei bideratua (36 urtetik gorakoena). Edukiak edo olerkiak presentzialki Lekuona Fabrikan, eta posta elektroniko bidez entrega daitezke.
Edonork parte har dezake lehiaketan, gaia librea da, eta lanek gehienez orrialde bateko luzera izan dezakete. Jakina, bidalitakoa dagokion atalean sailkatu ahal izateko olerkariek euren adina zehaztu behar dute.
Entregetan irizpide jakin batzuk bete behar dira:
Presentzialki, Lekuona Fabrikan:
-
Gutunazal batean:
-
Datu pertsonalak eta kontaktukoak.
-
Poesia lana.
-
-
Gutunazalaren kanpoaldean: “Poesia lehiaketa” idatz.
Emailez:
-
Mezuaren gaia: “Poesia lehiaketa”.
-
Mezuaren gorputza: Datu pertsonalak eta kontaktukoak.
-
Mezuan atxikita: Aurkeztuko den lana, dokumentu gisa.
Aurrekoak lehiaketaren oinarrietako batzuk dira, nabarmenenak. Baina badira egileek bete behar dituzten baldintza gehiago. Horien berri izateko baliatu esteka hau (PDF artxiboa jaitsiko da).
