Berdintasun Kontseilua gorpuzteko batzarra, asteartean
17:30ean izango da topaketa, Kultura Aretoan. Elhuyarren aholkularitza hasiko da gidatzen prozesua.
Kontseilua osatzeko lehen bileraren irudia.Lezoko Udala Lezoko Berdintasun Kontseilua gorpuzten joateko laugarren batzarra jasoko du Kultura Aretoak bihar (hilak 29, asteartea). 17:30ean hasiko da topaketa. Aurreko bilkuretatik badu berritasunik biharkoak, horren dinamizazio eta gidaritzan Elhuyarreko aholkularitza zerbitzuak izango baita aurrerantzean. “Horrek bultzada emango dio prozesuari alde tekniko eta metodologikotik begiratuta. Izan ere, Elhuyarrek eskarmentu handia du horrelako prozesuen gidaritzan”, azaldu dute Lezoko Udaleko Berdintasun Sailetik.
“Emakumeen partaidetzarekin lotura estua du kontseiluaren sorrerak”, adierazi dute udaletik. Hala, emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeaz gain, “berdintasun udal politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortu nahi da, mugimendu feministaren, herri-eragileen eta udalaren artean”. Udalaren eta mugimendu feministaren arteko harremana eta interlokuzioa hobetzea ere badu prozesuak, eta beraz, kontseiluaren bidez berdintasun politikak herritar gehiagorengana iristea nahi dute, baita udal jarduerak era gardenean eta parte hartzaileagoan kudeatu, eta herritarren, eragile sozialen eta udalaren arteko sinergiak indartu.
Udalak aitortu du orain artean mugimendu feministak egindako bidea, “baina oraindik ere lan asko dago egiteko. Hori azaleratzen dute indarkeria matxistari, lan merkatuari eta zaintza lanen banaketari buruzko datuek, bai eta erabakiak hartzeko guneen eta partaidetza politikoaren inguruko estatistikek ere”.
Orain arte Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Iruntzen Emakume Taldea elkarte eta taldeetako ordezkariak aritu dira kontseilua egituratzeko bileretan. Hala ere, egitasmo irekia dela azaldu du Berdintasun Sailak, eta bertan izan nahi duten norbanako eta eragileak batzera deitu dituzte.
