"Udalerriaren irudia hobetzeko", pintaketa eta grafitien kontrako plana eskatu du Lezoko PSE-EEk
PSE-EEren udal taldeak uste du udalerriaren irudiak "utzikeria" eta "zikintasun" sentsazioa ematen duela
Joxean Sanchez, Bekoerrotako grafiti baten aurrean.Lezoko PSE-EE PSE-EEren udal taldeak uste du udalerriaren irudiak “utzikeria” eta “zikintasun” sentsazioa ematen duela. Herrian diren “baimenik gabeko” pintaketa eta grafitiez ari dira. Horri aurre egiteko neurriak proposatu ditu, Lezoko Udalak grafitien eta pintaketen kontrako plan integrala behar duela ziur da. “Udal Talde Sozialistak uste du edozein eraikin, publikoa zein pribatua, ez dagoela pintaden izurrite horretatik salbu. Hala ere, azpimarratu behar da udalaren ardura dela herri inguruaren garbitasuna mantentzea eta irtenbide eraginkorrak proposatzea udal paisaiaren degradazioa geldiarazteko”, esan du Joxean Sanchez sozialisten udal taldearen eledunak.
Sanchezek esan du “premiazkoa” dela ekitea. Azkar batean neurriak har ditzala eskatu dio gobernu taldeari. “Udalerriarekiko errespetua islatuko duten gune garbiak eta zainduak nahi ditugu. Horregatik, EH Bilduri eskatzen diogu ez dezala beste alde batera begiratu eta plan hau berehala gara dezala, herritar guztien inplikazioarekin”.
Planak jaso beharko lituzkeen irizpideak ere plazaratu ditu herriko PSE-EEk. Hala espazio publiko eta pribatuetan baimendu gabeko pintadak eta grafitiak berehala eta eraginkortasunez garbitzea eskatu du, “azken horiek udalaren laguntzarekin”. Jabetza pribatuetan grafitiak garbitzea erraztuko lukeen udal-protokoloa egin beharko litzateke haien arabera, “bizilagunen komunitateei zerbitzu horri buruzko informazioa eta aholkuak emanez”.
Pintaketena bizikidetzako arazoa dela zehaztu du PSE-EEk. Hala, horren araberako ordenantza bat egitea beharrezkotzat du, “ekintza bandaliko horien aurkako disuasio-neurriak eta zehapen zorrotzak ezartzeko, eta udal-agintaritza indartzea, araudi hori betetzen ez dutenei zehapenak ezartzeko”.
Gainera, herritarren kontzientzia pizteko kanpainak abian jartzea ere daude neurri sortaren barruan, “bereziki gazteei zuzenduak, espazio publikoarekiko errespetua eta bandalismo grafikoaren eragin negatiboa sustatzeko”.
