Maialen Jimenez Garaialdek irabazi du Koldo Mitxelena Beka
Euskarazko ikerkuntza sustatzearekin batera, emakumeen ikerketa lana bultzatzen du bekak, baita Errenteriaren iraganeko eta egungo egoerari buruzko ezagutza zabaltzearen alde egin alderdi guztietan.

Orereta-Errenteriako emakumeak herriko festen antolaketan. XX eta XXI mendeen bitarteko ibilbidearen hurbilpen antropologikoa. Lan horrek irabazi du Koldo Mitxelena Beka. Gaur eman dute horren berri Itsaso Cruz Etxeberria Agiritegi eta Argitalpen zinegotziak, Maialen Jimenez Garaialde ikerketa bekaren irabazleak, UEU Udako Euskal Unibertsitateak izendatuta epaimahaia osatu duten EHUko Mila Amurrio Velez, Ane Larrinaga Renteria, eta Gidor Bilbao Telletxeak, eta Leonor Garciak udal artxibozainak. Lau urte daramatza UEUk bekaren antolaketan laguntzen Errenteriako Udalari.
Lan irabazlearen berri emanda, ikerketa osoa 2026ko abenduan aurkeztu beharko du Jimenezek, eta horretarako 15.000 euro jasoko ditu.
Irabazlearen gaineko hainbat informazio eman ditu Cruzek gaurko agerraldian. Hala, azaldu du Gizarte antropologiako gradua duela, eta orientazio publikoko antropologiako master bat. Gradu amaierako lana Zainketa sareetan oinarritutako bizikidetza komunitateen gainean egin zuen, eta masterraren bukaerako lana, berriz, Orereta-Errenteriako erraldoi eta buruhandien konpartsatik abiatuta herri komunitatea (bir)eraikitzea. Gai horrekin berarekin hartu zuen parte Espainiako soziologiako XV. biltzarrean.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziarekin elkarlanean aritu da, Mundu Arabiarraren eta Asiaren Lankidetza Sailaren Laguntza Unitatean.
Jimenezek eskerrak eman ditu bekarako bere lana aukeratu izanagatik. Antropologia ikasita beretzat garrabtzi berezia zuela ikuspegi antropologikoa txertatzea azaldu du, “antropologiatik asko landu da festen alderdi politiko horren garrantzia, batzuetan agian pixka bat alde batera uzten dena, eta niretzat intereseko gaia da. Parte hartze sozio politikoa osotasunean ikertzea ezinezkoa da 18 hilabetean, eta egia da Euskal Herrian festen alderdi politiko hori oso garrantzitsua izan dela eta zehazki Oreretan madalenak oso garrantzitsuak dira, eta presentzia handia dute jendearen artean, baina baita jendearen jarduera politikoan ere”.
Aurkitzen dituen zantzuak aztertzea paisaia orokorraren inguruko ideia egiteko balio dezakeela uste du Jimenezek.
Gogo eta motibazio handia dituela lanketa egiteko gaineratu du ikerlariak, “ikusiko dugu zer ematen duen”.
Bekaren sariari begira jarri da bestalde Bilbao, “UEUren izenean esan nahiko nuke oso sari berezia dela. Izan ere 15.000 euro ez da diru gutxi udal batek antolatzeko, oso sari ona da, eta Errenteriaren Udalaren aldetik ikusi dugu beti ahalegin zintzoa gauzak ondo egiteko, berme akademikoekin egiteko, eta hori da giure lana UEUren bitartez berme akademikoa ziurtatzea. Orain arteko esperientziak erakutsi digu gainera aberasgarria dela alde buientzat, batzuetan lagundu ahal izan dugu lana berbideratzen, eta UEUk irabazi du baita ikusi duelako zein gauza egiten diren Euskal Herriko leku ezberdinetan, alor ezberdinetan eta aberasgarria da”.
Lan irabazlea aukeratzea zaila izan den galdetuta Larrinagak eta Amurriok esan dute Jimenezena oso lan sendoa dela, “egingarria, eta mahai gainean geldituko ez den lana dela uste dugu. Gakoak emango dituela uste dugu gainera, bertako errealitatea ulertzeko. Aurkeztutako lanen kalitatea handia da”.
Koldo Mitxelena ikerketa beka hizkuntzalari errenteriarrari omenaldia egiteko asmoz sortu zuten. Helburu horri eusten dio gaur egun, baina beste arlo batzuri ere erantzuten die: euskarazko ikerkuntza sustatzea, emakumeen ikerketa-lana bultzatzearen alde egitea, eta Errenteriaren iraganeko eta egungo egoerari buruzko ezagutza zabaltzearen alde egitea, bere alderdi guztietan.
Ikergai zehatza deialdi bakoitzean erabakitzen da, beti ere giza eta gizarte zientzien alorrean. Hortaz, 2024ko deialdiko gaia Emakumeen parte-hartze soziopolitikoa Errenterian XX. eta XXI. mendeetan izan da.
Gai hori Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako III. Planean jasotako proposamenetik dator. Plan horrek, bigarren ardatzean, Herriko emakumeen ekarpenetan sakontzen jarraitzea proposatzen du, haien ekarpena aitortuz eta balioan jarriz, haien izen propioak argitaratuz.