'Esnatu naiz' kabareta, larunbatean, Donibanen
Euskaraldiaren egitarauaren barruan, Andoni Mutiloaren ikuskizuna Juanba Berasategin izango da, 19:00etan. LGTBI+ kolektiboko pertsonek Euskal Herrian normaltasun osoz bizitzeko dituzten arazoen inguruko gogoeta bat egingo du protagionistak.
Euskaraldiko egitarauaren barruan, Andoni Mutiloak Esnatu naiz izeneko kabareta antzeztuko du larunbatean (hilak 17) Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, 19:00etan. Kabaretak nortasuna, generoa, sexilioa eta sexu aniztasunaren gaiak jorratzen ditu. Protagonista Elur da, jatorri euskalduna duen baina Londresen bizi den trans artista bat. Elurrek LGTBI+ kolektiboko pertsonek Euskal Herrian normaltasun osoz bizitzeko dituzten arazoen inguruko gogoeta bat egingo du.
Mutiloak adierazi du azken urteetan LGTBI+ kolektiboaren eskubideen aldeko lanean “urrats garrantzitsuak” eman diren arren, “benetako berdintasuna lortzeko bide luzea” dagoela oraindik egiteko. Hori dela eta, “ezinbestekotzat” du Mutiloak arlo ezberdinetan lanean jarraitzea. Bide horretan, gizarteko errealitate ezberdinak erakutsi nahi ditu ikuskizunak, herritarrei hausnarketarako bidea zabalduz.
Aurrez aipatu bezala, Elur trans kolektiboko artista bat da, Londresen bizi dena. Elurrek The Pink Flamingo klubean bere showa izatea lortu du, eta jende asko joaten da harengana ikuskizuna ikustera. Pozik eta harro dago osatu duen ibilbidearekin, baina oraindik sendatu gabeko zauriak ditu, eta artistaren atzean ezkutatzen den pertsona ezagutuko da: Peio. Peio euskalduna da, baserritarra. Hamar urte lehenago Euskal Herritik alde egitea erabaki zuen, bertan ezinezkoa baitzitzaion bere nortasunarekin bat egin eta lasai bizitzea. Peiok bere ametsa egikaritu du Londresen, ospea eta arrakasta baititu, baina bere buruaz lotsatzen da pentsatzean zer gertatuko litzatekeen Euskal Herrira itzuliko balitz. Peiok argi du ez dela posible etxera itzultzea.
LGTBI+ kolektiboko kide askok bizi duten egoeraren inguruko hausnarketa egiteaz gain, kolektibo osoaren eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi du kabaretak. Mutiloaren helburua da gaiaren inguruan interes edo ezagutza handirik ez duen jendearengana iristea. Horregatik, komedia eta drama nahasten dituen “obra dinamiko eta erakargarria” sortu nahi izan du, ikusteko erraza dena baina hausnarketarako bidea zabaldu nahi duena. Ikuskizuna euskaraz da, eta euskal kulturaren elementuak txertatu ditu.
