Iñigo Iglesias Bravo IDM txapelketaren top hamarrean
Asteburu bikaina pilotu errenteriarrarentzat. Bederatzigarren postuan sailkatu zen atzo Oscherlebengo (Alemania) zirkuituan.
Iñigo Iglesias Bravo pilotua Germany Triump taldeko kideekin, ezkerretik lehenengo pilotua. Nazioarteko IDM txapelketaren barruan lehiatu da Iñigo Iglesias Bravo Iñi58 pilotu errenteriarra asteburu honetan. Alemanian izan da txapelketa, Oscherlebengo zirkuituan, eta bikain aritu da. Larunbatean izan zuen lehen lasterketa ofiziala 600 kategorian, eta sailkapen taularen erdian sailkatu zen. Atzokoan, berriz, bere postua hobetu eta bederatzigarren sailkatu zen Iglesias,
Zilindrada berria da errenteriarrarentzat, baita motorra eta taldea ere. Bere prestaketaren ardura dutenek zehaztu dutenez, berritasun horietara guztietara egokitzen ari da Iglesias, “lana dago aurretik baino lehen postuetan izateko indarra eta ilusioa handiak dira”. Pilotua bera pozik azaldu da asteburuak emandakoarekin, “gauza ugari dira fintzeko oraindik ere, baina handitzen joan gara, hobetzen, eta findu beharreko horiek egokitzen joan ahala goiko postuetan kokatzeko aldaketa handia nabariko dugun zalantzarik ez dut”.
Hasi baino ez da egin eta argi esan du, “hobetzeko margen handia dugu. Taldearekin batera lanean jarraituko dut erakusteko”.
Hilaren 30ean eta ekainaren 1ean izango da hurrengo lasterketa Scheileizer Dreieck zirkuitu alemaniarrean, baina aurretik hainbat test egingo ditu pilotu errenteriarrak motorra lantzen joateko.
