Portuak sare elektrikoa modernizatu du
PPAk, jasangarritasuna hobetzeko duen konpromisoan, abian jarri ditu bere sare elektrikoa modernizatzeko eta teknologia berri horien beharretara egokitzeko jarduerak.
Pasaiako portuak, jasangarritasuna hobetzeko duen konpromisoan, Onshore Power Supply (OPS) teknologia berriztagarria dartsenara iristeko urratsak egiten jarraitzen du. Pasaiako Portu Agintaritzak (PPA) abian jarri ditu bere sare elektrikoa modernizatzeko eta teknologia berri horien beharretara egokitzeko jarduerak.
Jarduketak apirilean jarri zituzten martxan, eta udazkenean bukatuko dira. Lan horiekin, egungo behe tentsioko sarea egokituko da, OPS karga estazioetara konektatu ahal izango diren solteko gaiak garraiatzen dituzten ontzi berrien potentzia eskaria hornitu ahal izateko.
OPS teknologia horrek aukera ematen die kaietan atrakatuta dauden ontziei, estazioen bidez, portuko sare elektrikora konektatzeko bertan dauden bitartean. Ondorioz, emisio kutsatzaileak eta zarata emisioak murriztuko dira.
PPAren behe tentsioko instalazioa egokitzeko jarduerek 768.000 euroko kostua izango dute, eta Europako Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatuko dira. Proiektua, gainera, Espainiako Eskualde Anitzeko Programaren barruan sartzen da. Proiektua portuen iraunkortasuna eta konektibitatea sustatzeko eta portuen lehiakortasuna eta garapena bultzatzeko “funtsezko” tresna dela nabarmendu du PPAk.
Udazkenerako aurreikusitako instalazio hori Iberdrolak Kaputxinos kaian OPS hargune bat ezartzeko proiektuari gehitu behar zaiola jakinarazi du PPAk. Proiektu hori UECC ontzi enpresaren ibilgailuz betetako Ro-Ro trafiko ontziei begirakoa izango da, 2025erako martxan egotea espero dena.
Proiektu horrek Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren laguntza du, Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan Garraio Jasangarri eta Digitalari Laguntzeko Programaren bidez, Europako Batasuneko Next Generation funtsek finantzatuta. “Portu Agintaritzaren egitasmoekin, portuko jasangarritasunean aurrera egiten jarraitzen dugu, ingurumenarekiko eta, beraz, inguruko udalerrietako herritarrengan eragin positiboa sortuz”, adierazi du Izaskun Goñi PPAko presidenteak.
