Trainerilletan, hiruna txapel eta liga Pasaiara
Atzo jokatu zen Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa Donibanen. San Juanek bi txapel eskuratu zituen, eta bat San Pedrok. Ligan, bi garaipen San Pedrorentzat eta beste bat San Juanentzat.
Mutilen Gazte Mailakoen podiuma.Sanpedrotarra Arraun Elkartea Bukatu da Gipuzkoako trainerillen sasoia. Emaitza ederra lortu dute bertako ontziek, pasaitarrek batez ere. Atzo izan zen jokoan Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa Pasaiako badiako uretan, San Juan-Koxtapek antolatutako lehian. Han bi urrezko domina lortu zituen San Juanek, eta beste bat San Pedrok.
Arrosen txapelak emakumeen nahiz gizonen Gazte Mailakoenak izan ziren, eta San Pedrorena mutilen Kadete Mailakoa. Aldi berean, Mutrikun jokatu zen larunbatean ligako laugarren eta azken estropada (igandeko txapelketarako baliagarri izan zen); hor eta aurreko hiru lehietan lortutako emaitzen arabera, ligako sailkapen nagusian bi garaipen eskuratu ditu San Pedrok, mutilen Kadete eta Gazte mailetan; San Juanek, berriz, Gazte Mailako neskena egin du bere.
Hurrengo lehia Euskadiko Txapelketa izango dute hoberen sailkatu diren ontziek. Datorren igandean (hilaren 18an) izango da, Ondarroan (Bizkaia). 10:30ean hasiko dira kategoria guztietako lehiak.
Ondokoak dira, atzoko Gipuzkoako Trainerilla Txapelketari dagokionez, Oarso-Bidasoko ontziek lortutako emaitzak:
- Kadete Maila, mutilak: San Pedro izan zen txapeldun, bigarren San Juan, eta hirugarren Trintxerpe-Illunbe.
- Kadete Maila, neskak: Tolosaldea izan zen garaile, Hibaika txapeldunorde eta San Juan brontze.
- Gazte Maila, gizonak: San Juanentzat urrea, bigarren San Pedro eta hirugarren Getaria.
- Gazte Maila, emakumeak: San Juanena txapela, bigarren Hernani, hirugarren Hibaika eta laugarren San Pedro.
- Absolutuak, gizonak: Orio irabazle, bigarren Hondarribia, hirugarren Donostiarra eta laugarren San Juan.
- Absolutuak, emakumeak: Zumaiarentzat txapela, bigarren Tolosaldea, hirugarren San Juan eta laugarren Hibaika.
Bai atzoko txapelketako nahiz ligako sailkapen nagusien berri izateko baliatu beheko loturak:
