Donibaneko magalak egonkortzen hasi da udala
Mendi hegalek ezegonkortasun mailaren aurrean duten arriskua gutxitzeko jarduketak abiatu ditu Pasaiako Udalak.
Pasaiako portuaren bokalean, itsasadarraren bi aldeetan, malda handiko mendi magalak daude, eta ezegonkortasun mailaren aurrean duten arriskua gutxitzeko helburuarekin, lanak hasi ditu Pasaiako Udalak. Obrak berriki hasi dituzte, eta zenbait sektoretan egingo dira egonkortze lanak. Jarduketek lau hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du udalak.
3. sektorea:
Irtenda dauden geruza batzuei edo mugitu daitezkeen blokeei altxagarria jarriko zaie, oinarri bat izan dezaten eta etorkizunean geruza edo blokeen pisuaren ondorioz ez dadin pitzadurarik sortu. Geruza edo bloke horiek batez ere mendi hegalaren oinarrian daude kokatuta, Bonantza pasealekuaren ondoan pasalekuaren gaineko bidearen ondoan. Neurri osagarri gisa, buloi pasibo osagarrik jarriko ditu udalak.
4. sektorea:
3. sektorean bezalaxe, irtenda dauden geruza batzuei edo mugitu daitezkeen blokeei altxagarria jarriko zaie. Gune horiek ere mendi hegalaren oinarrian kokatuta daude, Bonantza pasealekuaren ondoan. Neurri osagarri moduan, buloi pasibo isolatuak jarriko dira zonalde horretan. Horrez gain, Bonantza pasealekuaren gainetik dagon bidearen ondoan bi inklinometro jarriko dira, bertan lurzoru kolubialak baitaude pilatuta. Hasiera batean, txandakako bi zundaketa mekaniko egingo dira, lekukoa etengabe berreskuratuz. Zundaketa horiek lurra sakonean geoteknikoki ebaluatzeko balioko dutela jakinarazi du udalak. Zulaketa horien gainean inklinometro bana jarriko da, barnealdean neurketa kanpaina bat egiteko.
12. sektorea:
Eremu horretan egonkortze neurri bat ezarriko da, bloke ezegonkorretan lur jausirik gerta ez dadin. Gauzak horrela, bihurdura hirukoitzeko altzairu galbanizatuzko sare bat jarriko da. Sare horrek 10 metro inguruko luzera eta 5 metro inguruko batez besteko altuera du. Hortaz, estali beharreko azalera 50 metro koadrokoa izango dela adierazi du udalak.
Egonkortzeko lan guztiak osatu ondoren, garbiketa egingo da, eta bertatik kenduko dira obra hondakinak, sastraken hondarrak, ainguraketen kare esnearen hondarrak, ekipoak, materiala edota soberako elementuak. Halaber, obrak gauzatzeko kendu edo babestuko diren elementu guztiak berriro jarriko direla aurreratu du udalak. Jarduketak egikaritzeko 99.291,96 euroko inbertsioa egingo du Pasaiako Udalak, BEZ barne.
