Hizkuntza eskakizunen aurka jasotako epaiak salatu dituzte EH Bilduk eta EAJk
Bi alderdiek argi utzi dute euskararen alde lanean jarraituko dutela eta hizkuntza eskubideen urraketei "tinko eta duintasunez" erantzungo dietela. Bokalek eta Langile Batzordeak ere salatu dute epaia.
Pasaiako Udalak kale garbitzaileen lanpostuak egonkortzeko prozesua abiatu zuen 2023an. Prozesu horretan, lehen hizkuntza eskakizuna ezarri zen, hau da, B1 maila, herritarrak bi hizkuntza ofizialetan (euskara eta gaztelania) artatuak izateko duten eskubidea bermatzeko. Udalak jakinarazi du eskubide hori 1982an aitortu ziela herritarrei Euskararen Legeak, eta arau hori bermatzeko, betebehar batzuk ezarri zizkien euskal erakundeei.
2024ko apirilean, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 2. eta 3. zenbakiko epaitegiek euskararen ezagutzaren eskakizun hori bertan behera uztea erabaki zuten, diskriminatzailetzat joaz. Horrez gain, epaien aurka Pasaiako Udalak aurkeztutako helegitea ere baztertu berri du Donostiako Auzitegiko 3. zenbakiko epaitegiak.
Egoera horren aurrean, Pasaiako Udalak argi utzi du “irmo” jarraituko duela herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean. Dagoeneko, bi kasazio errekurtso aurkeztu ditu udal erakundeak, udal autonomia, hizkuntza eskubideak eta herritarren berdintasun aukerak babesteko.
Udalak nabarmendu du epai horiek ez dutela aintzat hartzen azken 40 urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko garatutako lege eta araudi markoa, ezta udal langileek hizkuntza eskakizunak betetzeko jaso dituzten baliabideak eta egindako ahaleginak ere.
2024ko apirilean, Pasaiako EH Bildu eta EAJ udal taldeek adierazpen bateratua argitaratu zuten, hizkuntza eskubideen urraketa horiek salatzeko eta udalerriaren euskararen normalizazio prozesua defendatzeko. Adierazpen hartan, bi alderdiek berretsi zuten beren helburua dela pasaitar guztiek, kalean eta administrazioan, euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatzea.
Bide beretik, EH Bilduk eta EAJk “irmoki berretsi” dute 2024ko apirilean adierazitakoa: “Gure langile publikoek herritarren eskubideak bermatu behar dituzte, eta horretarako, ezinbestekoa da gutxieneko euskara gaitasuna izatea. Epai hauek ez dira soilik udal baten aurkakoak, herritar guztien hizkuntza eskubideen aurkakoak dira; herri gisa hizkuntza gutxitu bat berreskuratzeko eta normaltasunez erabiltzeko egindako lanaren aurkakoak”.
Legea aldatzeko beharra
Alderdiek adierazi dute epaiek erakusten dutela egungo lege esparruak hutsuneak dituela eta ez duela balio euskararen aurkako oldarraldi juridikoak geldiarazteko. Horregatik, udalek euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitu ahal izateko, Eusko Legebiltzarrari dei egin diote “udalok euskaraz jarduteko eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren lege egokitzapenak ahalbidetu ditzaten”.
EH Bilduk eta EAJk adierazi dute legeak eta dekretuak ez direla nahikoa hizkuntza bat normalizatzeko, baina “ezinbesteko” babes tresna izan behar dutela administrazioek legeak agintzen duen hizkuntza normalizazioa gauzatzeko. “Gaur egungo araudiarekin, agerikoa da ezin dela hizkuntza politika berdinzale bat burutu, hainbat epaiketek horren kontra egin dutenez gero. Ondorioz, herritarren eskubideak eta udal autonomia urratzen dira”.
Bukatzeko, honakoa exijitu dute bi udal taldeek:
- Ez urratzea udalarekin euskaraz komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak.
- Errespetatzea udalaren autonomia, eta bere baliabide eta zerbitzuak herritarren behar linguistiko eta sozialetara egokitzeko ahalmena eta betebeharra.
- Eta, funtsezkoa denez, premiazko lege aldaketa bat egitea, euskararen normalizazio prozesuak aurrera egin dezan babes juridiko egoki eta sendoarekin.
Udalak argi adierazi du herritarrekin eta udal langileekin batera, euskararen alde lanean jarraituko duela, eta hizkuntza eskubideen urraketei “tinko eta duintasunez” erantzungo diela.
Bokale eta Langile Batzordea
EH Bilduren eta EAJren salaketez gain, Bokalek eta Pasaiako Udal Langileen Batzordeak ere epaiak salatu dituzte. Hona hemen erakunde bakoitzak hitzez hitz esandakoak:
Bokale:
Aurreko asteetan jakin dugu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela Pasaiako Udaleko kale-garbitzaileen euskararen eskakizuna baliogabetu izana. Gauzak horrela, Pasaiako euskaltzaleen izenean, Bokaleko kideok 2024an lehen ebazpen judiziala kaleratu zenean emandako erantzuna gogora ekarri, eta berriro ere aldarrikatzen ditugu honako eskaera hauek.
Batetik, Pasaiako Udalari errekurtsoa jartzeko eskatzen diogu Udalarekin euskaraz komunikatu nahi duten pasaitarren eskubideak urratu ez daitezen, eta ez dezala har Pasaiako euskararen normalizazio prozesuan atzerapausoa eragin dezakeen inongo erabakirik. Hau da, Pasaian euskararen normalizazioaren prozesuan atzera ez egiteko eskatzen diogu.
Bestetik, euskal jendarteari dei egiten diogu oldarraldiari aurre egiteko, besteak beste, euskaraz bizitzeko hautua egin dezan, euskara nonahi harrotasunez erabiliz.
Langile Batzordea:
Aurreko asteetan jakin dugu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin duela Pasaiako Udaleko kale-garbitzaileen euskararen eskakizuna baliogabetu izana. Gauzak horrela, Pasaiako Udaleko LAB eta ELA sindikatuek 2024an lehen ebazpen judiziala kaleratu zenean emandako erantzuna gogora ekarri eta berriro ere aldarrikatzen ditugu honako puntu hauek.
1.- Pasaiako Udalari errekurtsoa jartzeko eta egonkortze-prozesuarekin aurrera egiteko eskatzen diogu, Lanpostuen Zerrendan onartutakoa errespetatuz. Horrekin batera, eskatzen diogu euskara maila hobetzeko udal langileek beharrezkoak dituzten baliabideak ematen jarraitzeko.
2.- Dei egiten diogu euskal klase politikoari horrelako oldarraldia ekidin dezakeen bidea eta akordio politikoa jorra ditzan, horretarako legea egokituz, alegia, Euskararen Legea sendotuz. Egia da hizkuntza bat ez dela legez eta dekretuz normalizatzen, baina hizkuntzaren kontrako erasoak ekiditeko tresna izan behar dute legeek eta dekretuek, eta gaur artekoek dagoeneko ez dute horretarako balio.
3.- Dei egiten diegu euskal langileei euskararen alde ager daitezen eta lan-mundua euskalduntzeko prozesuan indar erabakitzaileak izan daitezen.
