Lezokoak-en paellada erraldoia, larunbatean
400 pertsona espero dituzte Karlos Saldise plazako jantoki erraldoian. Bazkarirako txartelak zozketa bidez esleituko dituzte, baina horiek erosteko aukera ere izango da.
Iazko paella jatearen irudia. Aurten ere Lezokoak Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu elkarteak eskerrak emateko eguna antolatu du. Lezoarrei, eta Lezokoak-en barruan dauden establezimenduetan oro har erosten dutenei aitortza egin nahi die elkarteagatik, herriko dendetako bezero fidel izateagatik. Jasotzea ondo dago, baina elkartekideek uste dute herriari ere ekarpena egin behar diotela. Testuinguru horretan ulertu behar da hilaren 17an (larunbatean) Karlos Saldise plazak jasoko duen herri paella jatea.
400 pertsona espero dituzte Lezokoak-eko kideek. Hala, bazkarirako txartelak esleitzeko zozketak abiatu dituzte bazkide diren 40 establezimendutan: horietan erosketa egiteagatik bonua eman, horretan izen-abizenak jarri, eta zozketa batean sartu dira erosleak. Horren irabazleak asteazkenean (bihar, hilak 14) jakinaraziko ditu establezimendu bakoitzak: 40 establezimenduetako bakoitzak bi lagunentzako errazioa duten bost bonu jarriko ditu zozketan.
Zozketan zortedun izan ez direnek ostegunean eta ostiralean eros ditzakete paelladarako tiketak, Optika Lezo Audiologia dendan, 10 euroan.
Bazkariaren oinarria egunean bertan egingo den paella izango da. Edaria ere sarien edo tiketen barruan dago. Postreak Lezokoak-eko kideek egingo dituzte. Gainera, bazkarian bertan zozketa asko izango dira, herriko dendari eta ostalariek emandako produktuenak. Bazkaria bitartean Euskaraldiaren barruko Euskaparate lehiaketaren sariak emango dituzte.
