Simulakro bat jasoko du bihar Donibanek
Simulakroa gauzatzeko, Donibane kaleko trafikoa itxiko da biharko 09:30etik 11:30era bitartean.
Bihar (hilak 14, asteazkena), Pasaiako Udaltzaingoek eta Irungo Suhiltzaileek, simulakro bat egingo dute Donibane kalean, elkarlanean. Biharkoa otsailean egin zenaren antzekoa izango dela jakinarazi du udalak. Udaltzaingoa arduratuko da simulakroa kudeatzeaz, ura, sirena soinuak edota kea egon baitaitezke. Herritarren segurtasuna uneoro bermatuko dela nabarmendu du udalak.
Simulakroa gauzatzeko, Donibane kaleko trafikoa itxiko da 09:30etik 11:30era bitartean. 09:00etarako, gainera, plaza ibilgailurik gabe egon beharko dela zehaztu du udalak. Zenbait momentutan oinezkoentzako pasabidea ere moztuko da. Udalak barkamena eskatu die herritarrei simulakroak sor ditzakeen eragozpenengatik.
Informazio gehiagorako, Udaltzaingoaren telefono zenbakia ahalbidetu du udalak: 943 00 43 00.
