600 ikasletik gora, larunbateko Oarsotriren eskola triatloian
Korrika, igeri eta bizikleta gainean aritu beharko dute. Proban 50 metro igeri, 1.400 metro bizikletaz eta 650 metro korrika egin beharko dituzte, zehazki.
Oarsoaldeko ikastetxeetako 600 ikasletik gora hartuko dute parte Oarsotri Triatloi Klubak larunbaterako antolatutako eskola triatloi jardunaldian. Errenteriako Udala, laguntzaile da. Korrika, igeri eta bizikleta gainean aritu beharko dute. Proban 50 metro igeri, 1.400 metro bizikletaz eta 650 metro korrika egin beharko dituzte, zehazki. Parte-hartzaile bakoitzak ekintza bakoitzerako beharrezkoa duen ekipamendua eraman behar duela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala, igeriketarako, txankletak, txanoa, bainujantzia eta betaurrekoak. Bizikletaz ibiltzeko, kaskoa, kamiseta, zapatilak eta bizikleta. Eta, azkenik, korrika egiteko, kamiseta eta zapatilak.
Jardunaldi horretako igeriketa-probak Fanderiako igerilekuan egingo dituzte, lasterketa, bidegorrian, eta txirrindularitza proba, berriz, Touring eta Fanderia etorbideen arteko hiri zirkuituan egingo da, hain zuzen ere Fanderiako igerilekuko biribilgunearen eta Fanderiako futbol zelaiaren sarrera nagusiaren artean. Norabide bikoitzeko zirkuitua izango da. Probaren irteera eta helmuga Fanderiako igerilekuaren parean egingo dira, zirkuituaren erdiko gunean. Trantsizio gunea, kirolariek ekipamendua aldatzeko erabiliko duten gunea, Fanderiako igerilekuaren soropilean kokatuko da.
Triatloiak bi trantsizio izango ditu: igeriketatik txirrindularitzara eta txirrindularitzatik korrika egitera. Trantsizio horietan parte-hartzaileek modalitate bakoitzerako beharrezko ekipamendua jantzi eta erantzi beharko dute modu egoki eta seguruan. Oarsotri Triatloi Klubaren boluntarioek laguntza emango dute jardunaldian. OTXE elkarteak (Oarsoaldeko Txirrindularitza Eskola) laguntza eskainiko du bizikletaren mekanikarekin zerikusia duten alderdietan.
Zirkuitua trafikoarentzako itxita egongo da erabat, 07:30etik 15:00etara, eta Agustina Otaola pilotalekua prestatuko da kontsigna jartzeko. Era berean, ezingo dira ibilgailuak zirkuituko gune seinaleztatuetan aparkatu (hau da, Touring Etorbideko zatian, Fanderiako igerilekuko biribilgunearen eta Fanderiako futbol-zelaiko sarrera nagusiaren eta Federico García Lorca kalearen artean, osorik), hilaren 16ko (ostirala) 22:00etatik 17ko (larunbata) 15:00etara.
Parte-hartzaile nahiz Fanderiako kirol gunera hurbildu nahi duten pertsonei bizikletaz edo oinez bertaratzea gomendatu die udalak.
Igerilekua itxita
Lehiaketaren harira, Fanderiako igerilekua eta hidroterapia gunea itxita egongo dira larunbatean 9:00etatik 14:00etara. Instalazioko gainerako guneak irekita egongo dira ohiko ordutegian. Igeriketako haurrentzako ikastaroak, berriz, Galtzarabordako Kiroldegira aldatu dira.
Errenteriako Udaletik egoera hori ulertzea eskatu diete eragozpenaren bat izango duten pertsona guztiei.
