Oarsoarrak Euskararen Sariek badute garaikurra: 'Sustraiak II'
Gema Lizarralde Gorosabelek egin du 'Sustraiak II'. Epaimahaiak zazpi lanen artean egin du aukeraketa. Aurtengo sarietan emango da lehenengoz.
Oarsoarrak Euskararen Sariek sei urtez bederen garaikurra izango dute: Gema Lizarralde Gorosabel sortzaile donostiarraren Sustraiak II. Sariaren sustatzaileek erabaki zuten garaikurra behar zuela sariketak, eta horretarako lehiaketa abiatu zen iazko azaroan. Zazpi lan aurkeztu, eta horietatik egokiena Lizarralderena dela ebatzi du epaimahaiak.
Epaimahaiaren erabakian dioenez, “balio erantsia du forma berari eutsiko dion baina urtero desberdina izango den garaikurra izateak. Inspirazio iturria alderdi natural edo paisajistikotik datorkio. Hala ere, proposamenak berak interpretazio eta irakurketa ugari irekitzen ditu (labekada desberdinetatik ateratzen den obra, pieza bakarra saridun desberdinen artean zatikatzea, kolektibo baten parte izatea, sustrai eta enborren metafora euskararen erroei eta hazkundeari keinua…)”. Epaimahaiak, halaber, lanaren izaera berritzailea nabarmendu du, sari-emateetako ohiko garaikurretatik urruntzen den lana dela deritzo.
Onintza Etxebeste, Ibai Maritxalar, Eider Perez, Garazi Kuesta eta Allende Arnaiz aritu dira epaile lanetan. “Ez dute lan erraza izan, baina azkenean, puntuen baturak eginda, esan bezala, Sustraiak II” lanak bildu zituen puntu gehien”, esan dute Oarsoaldeko Euskara Batzordetik.
Lehiaketaren irabazleak urriaren 31ra bitarteko epea izango du orain artelana egikaritzeko, garaikurra pieza gisa aurkezteko. Aurtengo Oarsoarrak sarien ekitaldian emango da, lehen aldiz, garaikur berria.
Oarsoarrak Euskararen Saria Oarsoaldeko lau udalek sortu zuten 2010ean jendarteko alor guztietan euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten banako, elkarte, lantoki, erakunde nahiz taldeak sarituz, euskararen normalizazioari ikusgarritasuna emateko. Era horretara, hainbat eta hainbat eragilek egiten duten lana prestigiatzea bilatzen dute sariak eta sari-emate ekitaldiak.
