Euskaraldiarekin euskaraz blaitzeko prest da Pasaia
Bihar (hilak 15, osteguna) barruti guztietan txupinazoak egingo dituzte, 19:30ean. Hilaren 25era arte ekitaldi asko Pasaian.
Bihar, ostegunarekin, hasiko da laugarren Euskaraldia. Hilaren 25erako 11 egunetan euskararen erabilera ufada emateko nazio egitasmo kolektiboak Pasaian ere eragina izango du, iniziatibaren barruko roletan ariko direnak, ahobizi eta belarriprest zereginetan, ehunka izango direlako. 11 egun horietarako, baina, hainbat topagune prestatu dituzte lau barrutietako herri batzordeek. Ekitaldi askoko egitaraua landu eta jendartera zabaldu dute, Euskaraldiak norbanakoen konpromisotik asko duen arren, kolektiboaren goxotasuna ere beharrezko delako. Dena helmuga bakarrarekin: euskaraz nonahi hitz egitea.
Beraz, bihar ekingo dio bideari Euskal Herrian eta Pasaian Euskaraldiak. Udalerriari dagokionez, lau txupinazo izango dira, bana barrutiko, denak 19:30ean: San Pedrokoa frontoian izango da, Antxokoa Gure Zumardian, Donibanekoa Santiago plazan, eta Trintxerpekoa Gudarien plazan. Egitasmoarekin bat egin dutenei dei egin diete bertara ager daitezen, indarrez ekiteko Euskaraldiari.
Gainontzean, eta hilaren 25era arte, badira askoz ekitaldi eta jarduera gehiago. Beheko zerrendan daude denak.

Pasaiako Euskaraldia. Egitaraua.
- 21:00etan, Antxoko Ibaiondo plazan, Anariren kontzertua.
Hilak 17, larunbata
- 12:00etan, Trintxerpeko Serafin Esnaola plazan, Dantza Lagun ikuskizuna.
19:00etan, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, Esnatu naiz kabareta (irudian).
Hilak 18, igandea
- 19:00etan, Trintxerpeko alkateordetzan, Laburbiraren barruko film laburren emanaldia.
Hilak 19, astelehena
- 17:00etan, Donibaneko JJ Otaegi plazan, Parketarrak.
Hilak 20, asteartea
- 17:30ean, Antxoko Ibaiondo plazan, Parketarrak.
Hilak 21, asteazkena
- 17:30ean, San Pedroko frontoian, Parketarrak.
Hilak 22, osteguna
- 17:15ean, Trintxerpeko Gudarien plazan, Parketarrak.
Hilak 23, ostirala
- 20:30ean, San Pedroko Begihaundi tabernan, Mintzapotea.
Hilak 24, larunbata
- 21:00etan, San Pedroko Sanpedrotarra Arraun Elkartean, Afaria eta Bingoz bingo! Aurori Badiola eta Yogurinha Borovarekin.
Hilak 25, igandea
- 19:00etan, Antxoko Kultur Etxean, Ana Goitiaren Katana ikuskizuna.
