Udalak Zarataren Ordenantza berriaren zirriborroa aurkeztu du
Udalaren helburua da araudi berria azaltzea eta herritar eta eragile guztien zalantzak argitu eta proposamenak biltzea.
Pasaiako Udala Zarata eta Bibrazioen Udal Ordenantza berriaren zirriborroa aurkezten ari da herriko Jai Batzordeetan. Ordenantza berriak bizilagunen atsedenerako eskubidearen eta bizitza sozial, kultural eta ekonomiko aktiboaren arteko oreka bermatu nahi dituela jakinarazi du udalak.
Honakoa adierazi du Teo Alberro alkateak neurri berriaren aurrean: “Araudi konplexua dela jakinda, udal gobernutik argi utzi nahi dugu ordenantza hau ez dela asmo murriztailez sortu, baizik eta herri bizi, parte hartzaile eta dinamiko bat bultzatzen jarraitzeko aukera emango duen elkarbizitzarako tresna gisa, eta, aldi berean, etxean atsedena eta lasaitasuna behar dutenak babestuko dituena”.
Alberrok baietsi du araudia bi arrazoirengatik sortu dutela. Alde batetik, herritarrek ospakizun publikoetako zarata mailak erregulatzeko eskatu zuten. Bestetik, ospakizun horien antolatzaileak babesteko eta kontzertuak eta bestelakoak egiten jarraitzeko, araudi baten babesa izango dute aurrerantzean.
Ordenantza behin betiko onartu aurretik, udal gobernuak zirriborroa herritarrei aurkezteko konpromisoa hartu du. Zehazki, eragile, elkarte eta jai antolatzaileekin biltzen ari da udala. Iraitz Pazos Ingurumen zinegotzia lau barrutietako Jai Batzordeetan parte hartzen ari da ordenantza azaldu, haren edukiak aurkeztu eta Pasaiako gizarte eta kultur dinamizazioan gehien inplikatuta dauden pertsona eta kolektiboen iradokizunak eta ekarpenak jasotzeko. “Pasaia udalerri bizia, anitza eta jai girokoa izatea ahalbidetzen dutenen ekarpenak eta proposamenak entzun eta jaso nahi ditugu”, nabarmendu du Pazosek.
Udalak adierazi du abiatutako prozesua “gobernantza hurbil, parte hartzaile eta erantzunkide” baten aldeko apustuaren barruan sartzen dela. Horrez gain, herritar guztiak eta kultura, gizarte eta auzo eragileak animatu dituzte zirriborroa irakurtzera eta hilaren 16ko (ostirala) jendaurreko erakustaldian parte hartzera. Dokumentazio oso-osoa udalaren webgunean aurki daiteke.
